«Elkarrekin: errepresaliatuak eta musikariak» bilduma kaleratu dute MusikHerriakoek
Durangoko Azokan jarriko dute salgai sei euroren truke errepresaliatuen hitzekin egindako hamahiru abestien bilduma. Parte hartzen duten taldeen artean Kloratita, SKT Sekuentzia edo El Trono de Judas.
GARA | DONOSTIA
Durangoko Azokari begira MusikHerriak «Elkarrekin: errepresaliatuak eta musikariak» diskoa kaleratu du. Bertan, 12 musika taldek hamahiru errepresaliatu politikoen hitzekin, poemekin eta gutunekin egindako abestiak entzun ahal dira.
Taldeak Anger, Basque Rap Conspiracy, El Trono de Judas, Gartzen, Izeba Pilarren Ilobak, Kasu!, Kloratita, Kop, Korumbá, SKT Sekuentzia, Xopapo eta Zein da Zein? dira.
Bestalde, abestiei hitzak jarri dizkieten errepresaliatuak Harriet Agirre, Haimar Altuna, Gari Arruarte, Fernan Elejalde, Zuhaitz Errasti, Xabier Izaga, Naiara Mallabia, Juli Moreno Makuso, Markel Ormazabal, Maite Pedrosa, Juanra Rodriguez, Joseba Sarrionandia eta Iratxe Yañez dira.
MusikHerriakoek gainera, bildumari buruzko webgunea ere prest dute, www.musikherria.org/elkarrekin. Bertan diskoari buruzko azken berriak, bilduman parte hartu duten taldeen eta errepresaliatuen gaineko informazioa biltzearekin batera, «deskargak» atalean, hiru abesti ere jarri dituzte nahi duenak eskuratzeko.
Jada entzungai
Honako hauek dira jada eskura daitezkeen hiru abestiak: Gartzen talde arabarrak eta Harriet Agirre preso politiko donostiarrak elkarlanean egindako «Pausoak» abestia; Anger musika talde gipuzkoarrak eta Aretxabaletako Zuhaitz Errasti preso politikoak egindako «Duintasunaren itzala»; eta Bizkaiko Zein da zein? taldearen eta Ugaoko Maite Pedrosak egindako «Eredu.Argi».
Diskoak 6 euro balio du eta bertan, abestien hitzak eta informazio asko jasotzearekin batera, errepresioari buruzko zenbait testu ere bildu dira.
Bilduma Durangoko Azokan egongo da salgai baina Gaztesarea, MusikHerria, Presoen Lagunak eta «Xirika»ra jota ere eskuratu ahal da. Durangoko Azoka bukatutakoan zenbait musika dendetan eta tabernetan ere jarriko dute salgai.