GARA > Idatzia > Herri-kirolak

GIZON-PROBA | Euskal Herriko finala

Mikel Altzola berriro ere besteen gainetik geratu da

Kirolari bizkaitarra jaun eta jabe izan zen atzoko finalean, eta aise jantzi zuen Euskal Herriko txapela

p051_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Azkeneko bi urte hauetan ez da izan Euskal Herriko finaletan Mikel Altzola, baina atzokoan berriro ere itzuli zen, eta bizkaitarrak ez zuen hutsik egin. Berriz ere, besteen gainetik geratu zen, eta aise jantzi zuen euskal Herriko txapela.

Atzo goizez eta arratsaldez jokatu zen Nabarnizeko finala. Horretarako, 800 kiloko harria izan zuten, eta harriari tiratzeko orduerdi bana. Helburua, ahalik eta plazarik gehien egitea zen. Plaza bakoitzak 28 metroko luzera izan ohi du.

Altzola arratsaldean aritu zen ekinean, eta berak egindako marka ikusi ostean, nahiko garbi geratu zen txapela nora joango zen. Bizkaitarrak, 3 plaza, 3/4 eta 4,05 metro egin zituen.

Zaleek bazuten itxaropenik Juan Carlos Lopezengan ere, bera izan da-eta Altzolak huts egindako bi urte horietako txapelduna. Atzokoan, baina, berak ere bazekien ez zela erraza izango, eta presio horrek jota edo, berak egin dezakeena baino gutxiago egin zuen. Hala, bi plaza, 3/4 eta bi metro egin zituen. Bigarren postuan amaitu zuen, baina atzetik sailkatu zena ere ez zuen izan oso aparte.

Satsibarrek ere lan bikaina egin zuen. Sailkapen nagusian hirugarren amaitu zuen, baina 85 kilo baino gutxiago pisatzen zuten kirolarien artean onena izan zen, eta berak ere txapela eraman zuen. Hortik atzerako kirolarien artean, lehia handia izan zen, baina estraineko postuetatik nahiko atzera geratu ziren. Hori bai, hasieran zazpi ziren bertaratzekoak, baina bi gutxiago aritu ziren.

Zaleen aldetik, ezin esan aparteko ohiartzunik izan zuenik. Kirol hori ikusteko aukerak gutxi izan ohi dira; izan ere, beherantz egin du, eta atzo ere ez zen aparteko zale kopururik izan. Goizean oso gutxi egon ziren eta arratsaldean, berriz, 100 inguru besterik ez zen han izan. Gizon-proba ikusten jarraitu nahi duenak, datorren igande eguerdian izango du horretarako aukera. Zumarragako talde baten eta Uretxuko beste baten arteko dema izango baita, eta han jende asko biltzea itxaroten dute. Hala ere, proba horrek ez du atzokoarekin zer ikusirik, taldeka egitekoa izango baita, eta atzokoa bakarkakoa zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo