GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Ibarrola-Ozafrainek erditik atzera erabaki zuten finala

Nafarroa Behereko bikoa 0-6 galtzen hasi zen, baina apurka-apurka jokoan sartzen hasi ziren, eta amaieran estuasunik gabe irabazi zuten Donapaleun

p052_f01.jpg

IBARROLA - OZAFRAIN 40

SORHUET - KURUTXARI 27

Jon LEUNDA | DONAPALEU

Ibarrolak eta Ozafrainek irabazi zuten atzo Donapaleun jokatu zen finala. Txapelketa hori bereganatzeko faborito garbirik ez zegoen, eta amaieran garaipena lortu zuen bikoak uste baino errazago jantzi ahal izan zuen txapela.

Sorhuet eta Kurutxari oso ongi hasi ziren. Aginduz ekin zioten neurketari. Oso tarte txikian sei kintze egin zituzten, eta 0-6 aitzineratu ziren. Horren ostean, Ibarrola eta Ozafrain ernetzen hasi ziren, eta apurka-apurka markagailuak parekatzen hasi ziren, 7-7 berdindu zuten arte. Horixe izan zen atzoko finalak izan zuen berdinketa bakarra.

Hortik aitzinera, geroago txapela jantziko zuen bikoak aurrera egin zuen. Ibarrola botearekin min egiten hasi zen, eta atzean, berriz, Ozafrainek bere agintea ezartzeari ekin zion. Horrekin batera, 9-3ko partzial bat lortu zuten, eta tarte handia ireki zuten, 16-10 jarri baitziren.

Hurrengo kintzeetan, Sorhuet eta Kurutxari bikain aritu ziren eta markagailuan gerturatzea lortu zuten berriz ere. Hala, tanto bakar batetara jarri ziren, 16-15. Ordura arte neurketa boladaka zihoan, eta bazirudien finala oso estua izango zela, baina partidak aurrera egin ahala, gauzak azkar hasi ziren erabakitzen.

Hurrengo kintzeetan ere gauzak lehengoan jarraitzen zuten, eta markagailuan alde handirik gabe heldu ziren finalaren erdira. Hortik aurrera, ordea, oreka apurtu egin zen.

Ibarrolak eta Ozafrainek, berriro ere abiadura eman zioten norgehiagokari. Aurrelariak min egiten zuen sakearekin, eta Ozafrainek pilota guztiak itzultzen zituen, askotan, bere aurrelariari erraz errematatzeko moduan uzten zion; hala, aldea areagotzen hasi ziren.

Hamar kintze

Irabazleek hamaika kintzetako aldea lortu zuten, 32-21. Hortik aurrera, alde horri eustera egin zuten. Aparteko lanik ez zuten behar izan garaipena erdietsi ahal izateko.

Ibarrola izan zen final horretako onena, eta saketik lortutako kintzeak garrantzitsuak izan ziren. Sei sakeren aldea egon zen bi aurrelarien artean, eta hori asko nabaritu zen amaieran. Patrick Ozafraienek ere oso partida ona egin zuen, eta atzean, Andde Kurutxari baino askoz ere gehiago izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo