GARA > Idatzia > Gaurkoa

Elena Martinéz Rubio filosofian doktorea

Ezer ez dakigu negu berriaz

Ezer ez dakigu heldu den negu berriaz. Ibilera ezagunaz hurreratu zaigu, adituek ez dute ezustekorik iragarri, baina ezer gutxi dakigu. Ohiko hotza egingo digu beraz, eta bakardadea. Goiz bilduko gara etxera, jaki epelen ingurura, ezkutuko oinazea txikitzeko ahoan.

Zerbait badakigu neguaz, dena dela. Esaterako, hotzaren beldur direla hainbat, hotzak ebakitzen ohi baitu askoren heriotza auzia. Edo gure beldurraren beldur direla asko, beldur horrek ebakitzen ohi duenez hainbaten heriotza auzia.

Bada, aski dakigu negu honetaz, nahiz eta etorkizuna ezagutzen erraza ez den. Batik bat, hauxe dakigu hobekien: dakigun ustekabeak, bai eta bestek ere, edozein unetan eztanda egin dezakeena, itxura eta iragarpen guztien kontra.

«Zein den zoriontsua/ oraino sorlekuan dena!», zioen Nietzschek olerki batean, elurraren hurbiltasunari antzemanda. «Zergatik joan zinen, zoro hori/ negu aitzin mundura ihesi?/(...) Galdu duzuna galtzen duenak/ sekula ez du atsedena».

Bidaro gaitza! Bidaiariak bai baitaki, bertan ez dagoen arren, bere herriko erlojuek oraindik jarduten dutena. Oroitu ere, ondo oroitzen da ezkila haien hotsaz. Ordulariak alabaina, besteentzat ari dira gaur jotzen. Bai, bera egon ez den arren, bide egiten jarraitu du odolak. Berea ordea, nekez doa aurrera, alde guztietan oztopo eginez.

«Sorterri-min hura!/ Aspaldi huts egin zidan lilura!/ Berdin zait guztiz/ guztiz bakarrik non bizi/(...) Non ohitu (ezta saiatu ere!)/ ez zait axola/ non makurtu burua», aitortu zuen erbestealdiaren hamabigarren urtean Marina Tsvietaievak, bere baitatik arroztua. Hala ere, zirritu bat utzi zuen zabalik azken bertsoan: «Ezer ez zait ardura, den dena zait berdin./ Bidean ezustean zuhaitz bat/ ageri ezik -alegia, otsalizarra...».

Otsalizarra, errusiar herri kantetan maiz bidera irteten zaigun zuhaixka, zelten tradizioan berriz, negu ilunaren osteko pizkundea adierazten duena. Bere zitu gorriek zauriak sendatzen omen dituzte, baita urte batez bizitza luzatu ere jaten dituenari.

«Eder ederra nuen aberria./ Haritzondoa/ hain zen han garaia, ezti samurrak bioletak./ Ametsa izan zen», abestu zuen bere aldian Alemaniatik atzerriratutako Heinrich Heinek.

Irudi bizi eta sendoen tema, orainaldi hits eta zatarraz haraindi. Norberaren nahiz herrien zaletasun eta atxikimendu egoskorren adierazleak. Bestalde, haritzaren eta otsalizarraren edertasunari zor zaion mirespena: lerdena bata, malgua bestea. Eta bion berezitasunen gaineko jakintzaren aintzat hartzea, belaunaldiz belaunaldi bereganatu eta atxikia.

Ildo beretik heldu zaigu, gaurko Hessen iparraldean zegoen Thor jainkoari loturiko haritz baten berri, Donareiche izenekoa, hots. Ezagun da, anglosaxoi jatorriko Bonifazio doneak, germaniarren kristautzea lanbidea hartuta, mila urte baino gehiago zeukan haritza botarazi zuela 723. urtean. Gerra ekintza hau, lotsagabeko ozarkeriaz egin zuen jendaurrean, erronka jo eta kristau jainkoaren nagusigoa erakusteko asmoaz betiere. Hala gertatu bide zen: germaniarren jainkoak ebaketa galarazteko ezer egin ez zuenez gero, bertako baserritarrak kristautasunera bihurtu ziren, etsita.

Bi alderdietako inork ez zuen, noski, sinesten jainko edo naturaren indar bati giza kontuotan esku harraraz dakiokeenik, ez behintzat haga bat palanka gisa erabiltzen den bezala. Bonifaziok, badaezpada ere, aliatu armadunen babesa segurtatu zuen zuhaitza moztu bitartean -hain zuzen, okupatzaile frankoena, ikusmenean zegoen gotorleku bat lehendik indarrez hartua zutenak-.

Jentil «sinesgogorrak», ikuskizun negargarri hari erantzun ezinean ibiliko ziren. Bihotzaren astinduei eutsika, zirkinik egin gabe begira geratzea baino ez zuten izango eta. Batek baino gehiagok, ordurako alde egindakoekin bat egitea erabakiko zuen egun hartan, seguru asko.

Santuak jokaldi makur bat gehitu zion aipatu basakeriari. Eskuratutako harizkiaz eliza bat eraikiarazi baitzuen, non eta haritz zaharra sortua zen muino gainean -hatsa xurgatu eta behin bergizarteratuta bere lekuan utzi nahirik, antza-.

Baina, nork daki geroaren berri? Bonifazio, izan ere, bestelako erlijio-zereginetan aritu zen ondorengo garaietan, harik eta hogeita hamar urteren buruan laguntzaile batzuekin berriz misiolari abiatzea otu zitzaion arte. Lurralde fedegabeetara itzuli eta berehala, frisiar talde batek eraso eta bertan hil zuen. Erasotzaileen artean, kristau nagusikeriazko irakaspenak gogoan zituzten lekukoak egongo ziren beharbada, edo apezpiku liskargilearen ez egoteaz baliaturik deserritik sorterriratuak.

Zer dakigu, hortaz, heldu den neguaz... Izotzezko balak, kazkabar zakarra, ilunabarreko zuritasun urdinxka. «Ziztuan karranka/ doaz beleak hiri aldera:/ Laster egingo du elurra/ Zein den zorigabea, sorlekurik ez duena!». Honelaxe eman zion Nietzschek amaiera bakardadeari buruzko bere olerkiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo