Sukaldeko usaina aditzean, agian labean egosten ari den zerbait, ez al dituzu inoiz aspaldiko kontuak bizitu?
«Magia ematen du, baina ez da egia; kimika da», baieztatu du Itziar Salegi adituak aromaterapiari eta sendabelarrei buruz. Donostian duen Aromaterapia Etxean izan gara lurrin goxoak ezagutzen, baita Berako Haritza belar dendan ere, Ana Iturbiderekin berriketan.
Maider IANTZI
Sukaldeko usaina aditzean, agian labean egosten ari den zerbait, ez al dituzu inoiz aspaldiko kontuak bizitu? Beharbada, lurrin horrek amatxiren sukaldeko oroitzapenak ekarriko zizkizun, usaimenak lotura estua baitu gure emozioekin. Esentziak eta esentzia-olioak erabiltzea da aromaterapia, lasaitzeko, sendatzeko, gurtzeko, errezatzeko... baita maitasuna erakartzeko ere. Lurrinak, intsentsua, olioak, egurrak eta lozioak baliagarriak izan daitezke horretarako. Azalpen hori ematen dute www.formarse.com.ar hezkuntzari, kulturari eta zientzia alternatiboari buruzko webgunean. Bertan baieztatzen dutenez, erromatarrek, greziarrek, egiptoarrek eta lehenagoko herriek ere bazuten lurrinen botereen berri; aromaterapia beti egon da gurekin, baina azken urteotan berriz jaio da benetako terapia bezala, eta horrela onartu du gizartearen zati handi batek.
Eritasunei aurre egiteko erabiltzen diren ohiko metodoetatik harago joan nahi dutenentzako alternatiba izan daiteke; kausei heltzeko bide bat. Antzinako arte honetan anitz erabiltzen dira olio esentziak, hau da, landareetan berez sortzen diren gai usaintsuak. Gai horiek ematen diete larrosei eta baratxuriari lurrin berezi hori. Hosto edo petaloetatik destilatu, eta botiletan sar daitezke olio esentziak. Hala eta guztiz ere, www.formarse.com.ar gunean ohartarazten dutenez, dendetan salgai dauden olio asko ez dira horrelakoak; sintetikoak dira eta ez dute terapiarako balio. Benetako esentzia olioak landareetatik sortuak dira, eta landareek harreman zuzena dute lurrarekin. Eguzkiaren energia, lurreko elikagaiak eta euriaren ura daude, beraz, esentzia olioetan. Elementu horiek elkarrekin lan egin dute zerbait naturala sortzeko eta gu ere, gizaki bezala, lurraren parte gara eta bibrazio berak ditugu. Hori dela-eta, egiazko olioak erabiltzean bat egiten dute gure energiak eta landarean bildutakoak. Hain zuzen ere, bi energia horien elkartzeak eragiten ditu aldaketak gure organismoan eta psikean.
Sendabelar usaintsuen erabilpen terapeutikoa hagitz zaharra da, baita bertzelako sendabelarrena ere. Itziar Salegi aromaterapian adituak zehaztu digunez, hauek partikula batzuk dituzte gorputzak duen indar naturala bultzatzen dutenak, bere funtzioak normalizatuz. Oreka naturala eta ongizate psikikoa lortzen laguntzen digute, gaixotasun fisikoak sendatzeaz gainera. Zientzia.net webgunean ageri denez, bateko eta bertzeko iritziak daude sendagai hauei buruz. Mediku batzuek diote botika sintetikoak hartzea hobeki dela, horietan osagaiak ongi neurtuta daudelako. Gainera, sendabelar gehienetan osagai aktiboa soilik identifikatu dela azaltzen dute eta ezagutzen ez diren osagai batzuek kalte egin dezaketela ohartarazten dute. Alabaina, web orrialdean baieztatzen denez, naturaren farmaziak lehentasuna izan du medikuntza tradizionalean eta mundu mailako erakundeak ere jabetu dira horretaz. Osasunaren Mundu Erakundeak, adibidez, txosten eta azterketa ugari plazaratu du sendabide tradizionalen balioa nabarmenduz, eta Unescok babesteko beharraz hitz egin izan du. Tokian tokiko kultura errespeta dadin, beharrezkoa deritzo landareetatik lortutako sendabideak gordetzeari eta farmazia-industriek sortzen duten arriskuaz konturatzeari. Unescok salatzen duenez, industria hauek desagertzeko bidean jarri dituzte landare batzuk, eta bertze batzuen dibertsitate genetikoa urritu dute.
Errezeta erraz batzuk
Kristalezko ontzi txiki bat zabaldu eta erromero olio tanta batzuk sartu ditu lehenbizi. Gero labanda, limoia, klementina, gaulteria, wintergri, alkanforra eta eukaliptoa gehitu dizkio, orden horretan. Esentzia olio hauek guztiak nahasi eta prest dago muskuluentzako lozio ederra. Itziar Salegi Urbietaren Aromaterapia Etxean izan gara, Donostiako Amara auzoan (Isabel II. kalea, 3). Kolore guztietako lorez osatutako txokoa da eta sartu eta berehala sumatzen da usainen nahasketa goxoa. Bertze errezeta erraz bat ere erakutsi digu arnika lore babestua, kalendula edo mari loka horixkaren petaloak eta iperikoa edo san juan lorea erabilita egiteko. Paperezko zapi banaren gainean jarri ditu hirurak, gero kristalezko ontzi batean sartu ditu elkarrekin eta almendra oliotan utzi ditu beratzen. Sukaldeko olio on batek ere balio dezakeela azaldu digu: oliba-olio birgina da azalerako aproposena. Ontzia itxi eta printzipio aktiboak disolbatuko direla jakinarazi digu. Bere horretan 40 egunez utzi eta iragazi ondotik lozio egokia lortuko dugu masajeak emateko.
Itziar Salegik denetariko jendeari ematen dizkio eskolak: profesionalei, 18 urteko gazteei, baita jubilatuei ere. Oinarritik hasten da eta profesionalen galderei erantzuterakoan ere guztientzat ulergarriak diren azalpenak ematen ahalegintzen da, zaletasuna sortzea eta bakoitza bere osasunaren ardura hartzera animatzea baitu helburu. Terapia naturalak ezagutarazten ditu, nola erabili behar diren azaldu, zer senda dezaketen, oreka fisikoa eta psikikoa nola lor daitekeen... Horretaz guztiaz gain, klaseak dibertigarriak izan daitezen eta ikasleek ongi pasa dezaten saiatzen da. EHUko Psikologia Fakultatean, Arrasateko emakumeen elkarte batean, euskaltegietan, kultur etxeetan, Donostiako Aromaterapia Etxean... Makina bat tokitan aritzen da lanean. Heldu den apirilaren 1etik maiatzaren 20ra aromaterapiari eta sendabelarrei buruzko ikastaroa emanen du Iruñean, Udako Euskal Unibertsitatean: oinarrizko informazio teorikoa emanen du; sendabelarren printzipio aktiboak lortzen erakutsiko du osasun psikofisikoa finkatzeko; oinarrizko erremedio naturalak eginen dituzte ikasleek osasun fisikorako, oreka emozionalerako, kosmetikarako eta higienerako; eta berrogei sendabelarren propietate terapeutikoen berri emanen du. Matrikulatzeko epea irekita dago dagoeneko (948362563-nafarroa@ueu.org).
Salegik ohartarazi digu etxeko despentsan bertan erremedio errazak egiteko moduko produktuak ditugula, botika sintetikoak hainbertze hartu gabe. Errate baterako, limoia, baratxuria eta tipula primerakoak dira infekzioen aurka egiteko eta antibiotiko moduan erabiltzeko. Baratxuriak odola arintzen du eta hagitz eraginkorra da. «Jubilatu batzuei ikastaro bat ematen ari nintzela, baratxuriari buruz hizketan, konturatzen nintzen gizon batek etengabe esaten zidala baietz buruarekin. Eskola amaitzean erreumarengatik eskuak okertzen ari zitzaizkiola eta baratxuriarekin sendatu zituela kontatu zidan. Kolesterola kontrolatzeko, gibelerako eta odola garbitzeko ere ona da barazki hau. Noski, kontraindikazioak ere baditu, sendabelar guztiek bezala, eta dosiak jakin behar dira. Zentzudunak izan behar dugu», baieztatu digu irakasleak. Adibidez, pasmo belarra hagitz toxikoa da, baina, Salegik ziurtatu digunez, jendeak badaki hiru egunez hartu eta gero atsedena tokatzen dela.
Sendabelarren eta aromaterapiaren artea «polita da eta, gainera, gure kulturaren parte ere bada. Euskal Herrian bada zaletasuna belarrak ezagutu eta mendira biltzera joateko, edo belar dendetan erosteko bestela», azaldu du. «Pertsona arraroen eta kulturarik gabekoen kontua dela entzuteak amorratzen nau. Ez dakit nondik datorren iritzi hori. Ematen du mundu beltza dela». Naturopatian aurrerapen handiak egiten ari direla baieztatu du Salegik: «Terapia naturalek emaitza onak eman dituzte minbizian. Minbiziadun emakume batekin izan zuen esperientzia kontatu zidan sendagile batek. Hiruzpalau hilabeteko bizia eman zioten medikuek eta ahalik eta gutxien sufritzeko tratamendua ezarri zioten. Andrea gero eta hobeto zegoela ikusten zuten, ordea, eta alta eman zioten. Zer egin duzu?, galdetu zion sendagileak, ongi baitzekien berak ez zuela sendatu. Azaldu zion eta terapia naturalen munduan sartu zen medikua».
Aloe, barraskilo adurra eta Noni
Ali Babaren kobazuloa bezalakoa da. Alde batean, apaletan txukun-txukun jarrita, hainbat formatako galletak daude, eta arroza, lentejak, zerealak, ogia... Ekologikoak denak, gehigarri kimikorik eta pestizidarik gabeak. Azukrerik edo esnerik hartu ezin dutenek ere produktu aproposak dituzte bertan. Parean, makina bat belar eta belarrekin egindako produktu dago: estraktuak, jarabeak eta anpoilak. Denetariko esentzia-olioak eta intsentsuak ere badira, eta kirolarientzako edari isotonikoak, proteina puruak eta ginsenga. Naturak emandako fruitu horien guztien artean, salmahaiaren gibelean egon ohi da Ana Iturbide igantziarra; hagitz gustura, nahiz eta lanak anitz lotzen duen. Zortzi urte darama Berako Haritza belar dendan eta sendabelarrek gero eta harrera hobea dutela ikusten du. «Botika anitzek sintomak leuntzen ditu soilik. Hauek mantsoagoak dira, leunagoak, eta ez dizute gauza bat hondatzen bertzea sendatzeko», azaldu du. Janariekin bertze hainbertze gertatzen dela dio, transgenikoak direla-eta jende ugarik aukeratzen ditu jaki ekologikoak. «Arroz ekologikoa erosten badute, badakite arroza dela eta ez bertze edozer. Hautu hori egiten duena gutxiengoa da oraindik, baina gero eta gehiago dira».
Kamamila, melisa eta berbena limoiusaina saltzen ditu ongi, baita landare lasaigarriak ere; baleriana, adibidez. Azeri-buztana eta denetariko teak ere maite dituzte bezeroek, eta gero eta gehiago erabiltzen dira algak. Moda-modan daudenak aloe, barraskilo adurra eta barrena garbitzeko Noni zukua dira. Belar denda guztietan ezinbertzekoak direnak, berriz, legamia, galorratza eta soja. Produktu bitxien artean, behor esnea aipatu du Iturbidek, indartzeko erabiltzen dena. Urtaro bakoitzak bere merkatua duela kontatu digu, eta orain, udazkenean, hostoek bezalaxe gure gorputzek ere beheiti egiten dutelarik jalea eta propoleoa hartzen dira altxatzeko, batez ere anpoilatan. Jende anitzek berak baino gehiago omen daki belarrei buruz, eta mendira joan, bildu eta idortzeko ohitura omen du. Gazteak ere aritzen dira horretan, etxetik ikasia dutelako-edo. Bertze batzuek, ordea, zakarkeriak egiten dituzte: adibidez, adituak olio-esentzia tanta bakarra edateko agindu arren, gehiago hartu eta gorputzari sekulako kaltea eragin. Saltzaile igantziarraren erranean, zentzuz jokatzea da gakoa, gabezia txarra delako baina baita gehiegikeriak ere. Kopuruak errespetatu behar dira, sendagaiekin bezala. Belarrak naturalak dira, baina badute beren eragina, landare toxikoak ere badira.
Itziar Salegi aromaterapiako adituak estrategia psikomentalak ere lantzen ditu osasun eskoletan, eta beldurra, amorrua eta erruduntasuna zer diren azaltzen die ikasleei. Beldurra beharrezkoa dela baieztatu eta autoen argi gorrien adibidea paratzen die: «Oso desatseginak dira, baina eskerrak hor dauden arazo bat badela jakinarazteko!». Salegiren erranean, sentimenduekin zer egiten dugun da kontua. Astoak bezala amorruaren inguruan bueltaka geldi gaitezke, edo irtenbidea bila dezakegu bertzela. Emozioek ere gaixotasunak sortzen dituztela eta gure burua hobeki ezagutzea sendatzeko hagitz lagungarri dela nabarmendu du irakasleak.
Ana Iturbide igantziarrak zortzi urte darama Berako Haritza belar dendan lanean.
basilikoa
Buruko mina eta migraina leuntzeko erabiltzen da, baita buruko nekerako ere.
Aingeru-belarra
Ona da jainkozkoarekin harremana izateko.
bergamota
Depresioa, antsietatea eta tentsioa baretzeko egokia da, eta erlaxatu ere egiten du.
kanela
Afrodisiakoa da eta gogoa pizten du.
zedroa
Estresari aurre egiteko lasaigarria da.
nekosta
Doluetan eta aldaketa uneetan erabiltzen da.
eukaliptoa
Arnasketa aparatuan eragiten du: kongestioa arintzen du.
zaingorria
Depresioaren kontrakoa, lasaigarria eta emozioen oreka lortzeko lagungarria da.
izpilikua
Lo egiteko arazoekin dabiltzanentzat ona da, baita depresiorako eta lasaitzeko ere.
menta
Garuna bizkortu eta pentsamenduak argitzen laguntzen du.
@
Webgune honetan ageri denez, terapia naturalek emaitza onak eman dituzte minbizian.