«Niretzat bideak duen gradua ez da garrantzitsuena»
ESKALATZAILEA
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Bere ezkutaleku isiletik, Leire Velezek kirol eskaladako pentsamendu bakarrari aurre egin nahi izan dio. Diktadura horrek, graduarenak, ez du bere hitzetan inolako lekurik. Ez du harekin solasaldirik nahi. Pixkaka-pixkaka, isil-isilik, totemaren zutabe nagusia eta inposatu nahi duen izurria «erasotu» nahi izan ditu mugimendu eder eta zehatzekin. Pozik da «garaitu» duelako, Pentsamendu bakarraren izurria (Etxauri) poltsikoan duelako. Gasteiztarraren lehenengo 8b+ izan da.
Pentsamendu bakarraren izurria azaroaren 10ean kateatu zenuen. Zergatik aukeratu zenuen? Zer moduz joan zaizu bidean egindako lana?
Iaz, Ocean (8a+) kateatu nuen, eta, Pentsamendu bakarraren izurria oso ezberdina denez, probatzea otu zitzaidan. Zerikusirik ez duten bi bide dira: lehenengoa, erorikoa eta erresistentziakoa; bigarrena, aldiz, plaka eta helduleku txikikoa. Ocean, berez, ez da batere ohikoa Etxaurin. Aldatzeagatik erabaki nuen. Ekaitz bere 9a graduko proiektuan sartuta zebilen eta Josemak animatu ninduen bidea probatzera; ausazko kontua izan zen. Lehenengo mugimenduak egin eta neure buruari esan nion: «Baina, Leire, zer da hau?» Hasiera oso erraza da, helduleku handiduna, baina goialdean gauza aldatu eta oso zaila egiten da.
Ocean baino gutxiago kosta zait. Uda baino lehen hasi nintzen, baina lehenbiziko beroekin bertan behera utzi nituen saioak. Oporren ostean, Iruñera itzuli nintzen lanera, eta freskatzen hasi zenean, berriro ere gogor hasi nintzen. Oro har, oso bide ona da, oso mugimendu politak ditu, helduleku txikiak eta oinak ondo baino hobeto jarri behar dira. Iker (Pou) bide hori eskalatzen ikusi eta nik egindakoarekin ez zuen zerikusirik; beste era batera esanda, nik beste helduleku batzuk erabili nituen eta oinak beste batzuetan jarri. Gehien kostatu zaidana azken txapajea izan da, ez nintzen gai tarte hori gainditzeko: mila aldiz eroriko nintzen! Behin hori eginda, kateatu nuen.
Zure lehenbiziko 8b+ izan da. Espero al zenuen? Izan ere, 8a+ gradutik 8b+ zailtasunera pasa zara.
«8b+ graduan, zer egiten ote dut?», galdetzen nion neure buruari. 8a batzuk eginak nituen, baina ez asko. Gero Ocean etorri zen. Soilik probatzeko asmoz sartu nintzen Pentsamendu bakarraren izurria bidean; kateatu izan ez banu, ez zen ezer gertatuko. 8b+ graduak errespetua ematen zidan. Baina, probatzen hasi nintzenean, neure burutik kendu nuen 8b+ zela. Bideari pausoak ateratzen joan nintzen, eta haren zailtasunarekin ez nintzen gogoratzen. Ez nengoen graduan zentratuta, baizik eta mugimenduetan. Bi eite horiek ezberdindu nituen.
Eta zergatik ez naizen 8b-tik pasatu? Bada, hasiera batean Ocean 8b zela esan zen, baina 8a+era jaitsi zuten. Eta, arestian esan dudanez, Jaimek esan zidan 8b+ hori probatzeko.
Kateatu berri duzun bidearekin Euskal Herriko emakumezko eskalatzaile onenen artean kokatu zara, 8b+ gradua hiru lagunek besterik ez baitute. Horri garrantzia ematen al diozu?
Ez. Graduari ez diot begiratu. Bide hori egiteak niretzako beste esanahi batzuk ditu. Finean, erronka zein emaitza pertsonala izan da. Jakina, nik ere hobetzeko asmoz eskalatzen dut, baina niretzat gradua ez da garrantzitsuena. Pixkaka-pixkaka hobetzea da helburua, eta ez gradua. Horrekin esan nahi dut ez dudala neure burua «Leire eskalatzaile onena» bezalako izenburuetan ikusten. Ez zait gustatzen eta, gainera, lotsa ematen dit. Elkarrizketa honetan azaltzeak poza ematen dit, baina, era berean, lotsa. Ni ez naiz mediatikoa eta ez dut gustuko. Nik ez dut ezer saldu nahi. Ingurukoek esan didate egindakoaren berri eman beharko nukeela, baina ez dakit... Nik kateatutakoak nire ingurukoak eta ni pozten bagaitu, bada primeran; hori da nire benetako helburua.
Hori da, beraz, zuk duzun filosofia.
Horixe da. Eskalada gustuko dut, eta niretzako egiten dut.
Mediatikoa ez, baina Etxauriko «Kale borroka» sektoretik pasatzen den edonork han ikusiko zaitu. Zu ere Etxauriko sareetan harrapatuta zaude.
Bai, erabat gustatzen zait: astean zehar dagoen lasaitasuna, bere edertasuna... Gustura egoten gara; Etxauri oso berezia da. Nire lehenengo bisita desastre hutsa izan zen; ez nintzela itzuliko esan nuen. Baina ohitzen hasten zara, eta bat-batean harrapatuta zaude. Bestalde, nire ezaugarrietarako primerakoa da: helduleku txikiak daude, plakak dira nagusi, joko gehiago ematen du... Gainera, Iruñea ondoan dago, eta horrek aukera asko ematen dit hara joateko.
Erronka gogorragorik ba al duzu esku artean?
Mementoz ez. Lasai jardun nahi dut. Etxaurin bide asko eskalatu nahi ditut, eta ez helburu gogor bat hartu eta soilik horretan buru-belarri saiatu.
Lehen aipatu dut Euskal Herrian neska gutxi zaretela gradu goren horietan zaudetenak. Emakumezkoen zailtasuneko errealitatea anekdotikoa al da?
Hemen bai, betikoak daude. Baina kanpora joan (Guara, Katalunia...) eta konturatzen zara ezagutzen ez dituzun makina bat neska on daudela; gradu goren horietan mugitzen direnak, alegia.