GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Egungo onenak neurtuko dira Superprestigioan

Sei pilotari neurtuko dira, bi multzotan banatuta. Lehen fasean ligaska jokatuko dute, multzoko denek denen aurka; finalerdietan, berriz, gurutzatu egingo dira

p044_f01_199x136.jpg

Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI

Amaitu da torneoetako tenorea, hemendik aitzinera lehiaketa ofizialak hartuko baitute txanda. Urtea amaitzeko, Superprestigioa jokatuko da. Urtea hastearekin Bakarkakoak jarraituko dio eta, hura amaitzean, berriz, Binakakoak hartuko du lekukoa.

Donibane Garazin dena prest dago datorren igandetik aurrera Superprestigioa hartzeko. Abenduaren 2an abiatuko da bakarkako lehiaketa garrantzitsu hori, eta abenduaren 30ean emango zaio amaiera.

Buruz buru jokatzeko gaur egun dauden onenak arituko dira bertan. Sei pilotari izango dira, bi multzotan banatuta. Lehen fasean, ligaska jokatuko da, eta multzo bakoitzeko denek denen aurka jokatuko dute. Gero, estraineko biek lortuko dute finalerdietara sartzea. Finalaurreko horietan, lehen multzoko lehenengoak, bigarreneko bigarrenaren aurka neurtu beharko du, eta lehenengoko bigarrenak, berriz, bigarreneko lehenengoaren aurka. Bi irabazleek finala jokatuko dute, eta galtzaileek, aldiz, hirugarren eta laugarren postua izango dute lehian. Partida guztiak, betiko moduan, Donibane Garazin jokatuko dira, Garat trinketean.

Izar guztiak

Gaur egun trinketeko esku pilota profesionalean dabiltzan izar guztiak izango dira lehian. A multzoan, Ezkurra II.a, Etxeto eta Sorhuet lehiatuko dira; eta B multzoan, Ozafrain, Waltari eta Kurutxari arituko dira. Lehian dauden pilotariak ikusita, txapelketa orekatuta egongo dela iragarri daiteke, seiak ere oso tankerakoak direlako, eta maila handikoak, gainera.

Lehen multzoan, Ezkurra eta Etxeto izan litezke faboritoak. Beraiek dira azkeneko bi urteetako txapeldunak eta aurtengoa irabazteko ere, faboritoen artean daude. Dena dela, Sorhuet bikain aritzen da bakarka eta, hori ere, kontuan hartu beharko da.

B multzoan, Ozafrain eta Waltari dira faboritoak. Lehenengoa, azken urteetako final guztietan dabil, baina ezin du irabazi. Waltari, berriz, iaz hirugarren izan zen lehiaketa horretan, eta aurten aurreragoko postuetan amaitu nahi du.

Egutegia ere prest dago. Datorren igandean, Ezkurra Etxetoren aurka neurtuko da lehen partidan; ondoren, Ozafrain Waltariren aurka. Bigarren jardunaldia, abenduaren 9an izango da. Orduan, Ezkurra eta Sorhuet lehiatuko dira lehen partidan eta, ondoren, Ozafrain eta Kurutxari arituko dira nor baino nor.

Abenduaren 17an amaituko da lehen fasea. Hasteko Etxeto eta Sorhuet neurtuko dira eta, ondoren, Waltari eta Kurutxari. Abenduaren 23an jokatuko dira bi finalerdiak, eta abenduaren 30ean hirugarren eta laugarren postua eta finala erabakiko dira. Jardunaldi guztiak 16.00etatik aurrera izango dira Garat trinketean.

multzo LEHIATSUAK

Multzoen eraketa ikusita, pilotari guztiek maila beretsua dutenez, lehia gogorrak izango dira. Badirudi, hala ere, gogorrena lehenengoan gertatuko dela, bertan batuko baitira azkeneko bi txapeldunak: Etxeto eta Ezkurra, alegia

Garat trinketea

Betiko moduan, aurten ere, Superprestigioko partida guztiak Donibane Garazin egingo dira, Garat trinketean. Datorren igandean abiatuko da lehiaketa, eta finala, berriz, abenduaren 30ean jokatuko da

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo