Zinebi, film laburrentzako aukera paregabea
Abian da Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldia, ia mende erdiko esperientziaz jantzia -aurtengoa 49. edizioa baitu-. Herenegun hasi, eta abenduaren 1a bitartean, 92 film eskainiko ditu nazioarteko lehiaketan, besteak beste, Euskal Zinema saileko bederatzi euskal zinegileen lanak, herenegun proiektatuak, hain zuzen. Horiez guztiez gain, zikloetako filmak ere aipatzeko modukoak dira, esate baterako «Afrikako sei ikuspegi» izenekoa.
Zinebi ez da zinema jaialdi handi eta famatua, ez da nazioarteko agendan toki berezi bat duen horietakoa, baina baditu hainbat balio nortasun handiko jaialdi bihurtzen duena eta zalearentzat oharkabe geratu beharko ez lukeena. Euskal Herritik begiratuta, hemengo egileei eskaintzen dien tarte handia da balio horietako bat, kanpokoak eta bertakoak ezagutzeko aukera ematen baitu jaialdiak. Izan ere, ez baita arraroa urrutiko zinemagileak eta lanak ezagutzea, eta bertakorik, ordea, ez. Bestetik, jaialdiaren izatearen berezko funtsa laburmetraia izanda, egileentzako zein ikusle ugarirentzako oparia da. Film laburrek nekez izaten dute tarterik zinema jaialdietan; horietan ez da maiz halako lanik erakusten. Gauza jakina da zinegileak ez direla film laburrak egitetik bizi, baina besteek ikus ditzaten egiten dituzte beren obrak, eta Zinebik zabaltzeko aukera hori eman egiten die.