GARA > Idatzia > Euskal Herria

Poliziaren jazarpena jasaten dutela eta, «Ikasle ta Aske» ekimena abiatu dute NUPen

p015_f01_148x108.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleek agerraldia egin zuten atzo, azken asteetan Unibertsitatean bertan pairatu duten jazarpen poliziala salatzeko. Jakinarazi zutenez, Unibertsitatearen ohiko kontrol sistemari, kameren eta segurtasun langileen bidezko ikasleen kontrolari, azkenaldian Poliziaren jarduera gehitu zaio.

Unibertsitatera heltzeko bideetan kontrolak jarri dituzte, eta eraikinean bertan zein inguruetan identifikazioak eta miaketak jasan behar izan dituzte ikasleek. Hala ere, kasurik larriena joan den azaroaren 14an gertatu zen, Polizia espainola Unibertsitateko klase batean sartu baitzen ikasle baten bila, eskuetan ikaslearen argazkia erakusten zuela. NUPeko ikasleek salatu zutenez, Unibertsitatean eta inguruetan, egunerokoa da poliziakideen presentzia.

«Guztiek bloke bat osatzea»

Ikasle Abertzaleak, Arrosa Beltza eta Gazte Independentistak taldeek kanpaina bat abiatu dute egoera horri kontra egiteko; ekimenak «Ikasle eta Aske» izena hartuko du. Helburu nagusia Unibertsitatean gertatzen diren erasoei buruzko informazioa biltzea da, egoeraren ikuspegi orokorra lortu, eta horri nola aurre egin zehaztu ahal izateko. Informazio hori biltzeko, posta elektronikoa erabiliko dute; ikasle.ta.aske@gmail.com helbidera idatziz, ikasle bakoitzak bere kasua kontatu ahal izango du.

Ekimena bultzatu duten taldeek deia egin zuten, isildu beharrean erasoak salatzeko. Izan ere, campusean «askatasunez» ibili behar dute ikasleek, eta ez «polizia-erasoen mehatxu-pean». Kontrol egoera horri amaiera emateko, beharrezkoa iritzi diote salaketa publikoa egin eta bizi dutena jakinarazteari. Era berean, eraso horiei aurre egin eta erantzun egokia eman ahal izateko, ezinbestekotzat jo zuten ikasle guztiek «bloke bat» osatzea.

Hainbat ikasle-eragileren jarrera ere gaitzetsi zuten. Izan ere, nahiz eta ekimenerako deia ikasle guztiei helarazi dieten, aipatutako hiru taldeek besterik ez dute atxikimendua agertu. Gainerako ikasle taldeek erantzunik eman ez izanarekin Unibertsitatean gertatzen ari diren eraso guztiak onestu egin dituztela salatu zuten. «Ikasle eta Aske» ekimenaren bultzatzaileek adierazi zutenez, jarrera horrekin «Errektoretzaren errepresio politika» sustatu egiten dute gainerako eragileek.

Salaketa kanpaina

Ikasle Abertzaleak, Arrosa Beltza eta Gazte Independistak dira «Ikasle Ta Aske» ekimenaren bultzatzaileak; momentuz, informazioa jasotzeko helburua dute, eta horretarako hainbat tresna jarri dituzte martxan. Esaterako, Unibertsitateko hainbat gunetan informazioa zabaldu dute; bai erasoei buruzkoa, bai eta abian jarri berri duten kanpainari buruzkoa ere. Ikasleentzat ohikoen diren guneetan «Ikasle eta Aske» eta beste hainbat eskubideren aldeko afixak ikus daitezke Nafarroako Unibertsitatean.

Helburua ikasleen arreta bereganatuz indarrak biltzea da, «aldarrikatzen diren eskubideak ikasle guztientzat dira eta».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo