GARA > Idatzia > Kultura

Euskal liburugintzari buruzko azterketetan «jauzi kualitatiboa» egin du Joan Mari Torrealdaik

Azken 30 urteotan liburugintzari buruz egin dituen lanak laburbildu ditu Joan Mari Torrealdaik, eta pauso bat harago ere jo du. Aurki aurkeztuko duten (Euskal) Liburuaren Behatokiaren lehen «harria» da.

Martin ANSO | DONOSTIA

Jakinek atzo aurkeztu zuen «30 urte liburugintzan». Liburu horretan, 1976az geroztik urtero-urtero, eta huts egin gabe, euskal liburugintzari buruz egin dituen azterketa guztiak laburbildu ditu Joan Mari Torrealdaik. Pauso bat harago ere egin du. Izan ere, aspalditik buruan zebilkion kezkari jarraituz, tirada eta ale kopuruei buruzko azterketa berezia osatu du. Hori da berrikuntzarik handiena. Horren handia, ezen atzoko aurkezpenean «jauzi kualitatibotzat» jo zuen Torrealdaik berak. Jauzi horrek, gainera, segida izango du, aurki (Euskal) Liburuaren Behatokia aurkezteko asmoa baitu Jakinek. «Aspaldiko amets bat da, euskal liburuaren informazioa bildu, taxutu, kudeatu eta liburuaren inguruko jakintza sortzeko eta lantzeko tresna bat izatea nahi nuke», esan zuen Joan Mari Torrealdaik.

Tirada eta ale kopuruak

Behatokiak edozein liburu politikaren informatzeko tresna izan beharko luke, baina, oraingoz, behintzat, ekimen pribatua baino ez da izango. Kulturaren Euskal Planaren eta Kulturaren Euskal Behatokiaren itzalean tokirik izango ote duen espresuki galdetuta, zera erantzun zuen Torrealdaik: «Nik proposamen hori aspaldi aurkeztu nuen eta ez dut erantzunik jaso». Hala ere, «behar den elkarlana» etorriko dela iragarri zuen. Kontuan izan behar da Jakinek daukala gaur egun euskal liburugintzari buruzko datu baserik handiena. XX. mendean argitaratutako 40.000 libururen fitxa, behintzat, badauka.

Nolanahi ere, Liburuaren Behatokia ofizialki aurkeztu bitartean, «30 urte liburugintzan» da albiste eta, liburu horren baitan, halaber, Joan Mari Torrealdaik tiradei buruz egin duen azterketa. «Alor horretan erreferentzia fidagarri gutxi dago. Liburu Eguna dela-eta, edo Durangoko Azoka dela-eta, errealitatearekin zerikusirik ez duen edozein datu entzun ohi da», adierazi zuen. Ahalik eta daturik zehatzenak lortzeko, editoreei inkesta zabala egin die Torrealdaik eta, horrez gain, lau argitaletxeren «sukaldean bertan» sartu da datu orokorrak errealitatearen bahetik pasarazteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo