GARA > Idatzia > Kultura

Süskinden «Sommer jaunaren istorioa» euskaraz irakurtzeko zein ikusteko aukera abenduan

Durangoko Azoka dela-eta, Patrick Süskinden liburu baten gaineko bi proposamen iritsi dira; batetik Ereinek «Sommer jaunaren istorioa» kaleratu du, eta bestetik Txalok antzezlana eramango du taula gainera.

p057_f02_148x92.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Patrick Süskinden «Perfumea» (Alberdania) orain gutxi aurkeztu eta gero, Erein argitaletxeak Bavariako idazlearen beste lan bat argitaratu du euskaraz, «Sommer jaunaren istorioa». Miren Lourdes Oñederra itzultzailearen hitzetan «ume batek bezala idatzita badago ere, heldu baten pentsamendutik abiatutako istorioa» da. Txikitako oroitzapenen gainean eraikitako istorioa da, non protagonistak Sommer jaunaren eta beste pertsonaia batzuen gainean hitz egingo duen.

Nahiz eta argitaletxeak lana haur eta gazte literaturari eskainitako sailean kokatu duen, mugako lana dela esan dute. «Gai sakonak jorratzen ditu; haur eta literaturaz haratago, beste erregistro batean ere irakurri daiteke», argitu zuen argitaletxearen izenean Iñaki Aldekoak.

Argitalpenak Jean-Jacques Sempéren irudiak ditu, jatorrizko alemanierazko liburuak eta frantseseko eta ingelesezko itzulpenek bezalaxe. «Testuaren espirituarekin egiten dute bat guztiz irudiek», argitu zuen Oñederrak Bordelgo marrazkilariaren lanaren gainean.

«Istorioa sakona da»

Itzultzaileak, ez zuen liburuaren mamiaren gaineko argibide gehiago eman nahi izan, «irakurri egin behar da», esan zuen.

«Liburua zoragarria da, istorioa sakona eta polita da. Asko ikasi dut itzulpenarekin, sufritu ere egin dut... gainera, antzerkiaren akuilua ere hor zegoen», argitu zuen Oñederrak.

Izan ere, liburuarekin batera, antzezlana aipatu behar da. Txalo Produkzioak antzerki taldeak eramango du lan hau taulagainera. Bakarrizketa izango da, Jose Ramon Soroizen ordu eta erdiko bakarrizketa.

Antzezlana egiteko Oñederraren testua izan dute oinarri. Zuzendari lanetan Xicu Maso katalana ibiliko da. Maso da Katalunian obraren gidaritza lana duena, han hamahiru urte baitaramate lan hau katalanez antzezten. Urte hauetan guztietan oholtza gainean egon izana da, aurkezpenean azaldu zutenaren arabera, lortu duen ospearen adierazlerik onena. «Ez da umeei zuzendutako obra bat, baina jarrai dezakete istorioa; Katalunian txikitan ikustera joandako asko, urteak pasatu ondoren, berriz ere itzuli dira antzezlana ikustera», azaldu zuen Jose Ramon Soroiz aktoreak.

«Liburua eta antzezlana elkarren osagarri dira»

Abenduaren seian eta Durangoko Azokaren barruan aurkeztuko du Txalok «Sommer jaunaren istorioa» antzezlana. Bakarrizketa bat da eta aktorea Jose Ramon Soroiz da. Liburuaren aurkezpenera gerturatu zen aktorea, eta aipatu zuen lana Katalunian hamahiru urtez obra zuzendu duen zuzendariak gidatuko duela, Xicu Masok. Masok ez daki euskaraz, beraz, lan egiteko modua aldatu behar izan dute. «Hitzek ez dute balio eta horregatik zuzendaria gehiago fijatzen da beste gauza batzuetan», argitu zuen Soroizek. Miren Lourdes Oñederra itzultzaileak lanak elkarren «osagarri» direla esan zuen.

R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo