Igandeko behaztopa ulergarritzat hartu du Jaime Barriusok
A.U.L. | EIBAR
Kontu asko atera ziren joan den astean Eibarrek etxean jarraian jokatu behar zituen bi partidak ikusita, eta taldea bolada onean zegoela zirudiela kontuan hartuta.
Herculesen aurkako porrotak egoera aldatu du. Sailkapenaren erdialdean daude gorri-urdinak oraindik, baina beheko taldeek lortutako emaitzek aldeak murriztu dituzte, eta garrantzitsuago egin dute Poli Ejidoren aurkako hurrengo norgehiagoka.
Jaime Barriusok igandean «desengainua» hartu zuela onartu du, «guztiek bezala», baina horrelako behaztopak ulergarriak direla uste du. «Gure denboraldia horrelakoa izango dela jakin behar dugu. Maila sufritzen mantentzeko gaude hemen, eta horrela izango da denboraldi osoan. Batzuetan pozik egongo gara irabazi dugulako, baina beste hainbestetan triste egotea egokituko zaigu».
Presidenteak, hala ere, taldeak erreakzionatuko duela uste du, «aurreko porroten ondoren gertatu den bezala. Etsai txikirik ez dagoela jakin arren, ziur nago taldeak partida on bat egingo duela Poli Ejidoren aurka, eta daukagun koltxoiari eutsi ahal izango diola», esan zuen.