GARA > Idatzia > Kultura

Jon Arretxek genero beltz klasikoari heldu dio «Morto Vivace» bere azken eleberrian

Egile basauriarrak Parisen kokatu du nobela berria, Sena ibaiaren inguruetan. Bertan, bi inspektore erailketa bat ikertzen saiatuko dira. Liburu honekin, estiloa aldatu du Jon Arretxe idazleak.

p054_f01_096x096.jpg

Karolina ALMAGIA | BILBO

Uztailak 14, festa nazionala Parisen. Gaua ospatzeko, Sena ibaian doaz Miarritzeko opera-korukoak, bateau-mouche batean afaltzen eta kantari. Bat-batean, haietako baten gorpua txikituta agertuko da ur gainean. Hau da Jon Arretxe (Basauri, 1963) «Morto Vivace» nobela berriaren abiapuntua.

Idazle bizkaitarrak bidaia liburuak, kronikak eta parodiak alde batera utzi ditu eta oraingoan genero beltz klasikoari heldu dio. «Orain arte idatzi ditudan bi nobela beltzek, umore edo parodia izan dute ardatz. Gogoa neukan genero klasikoko bat egiteko, eta hori `Morto Vivace' da. Beti izan dut oso gustuko nobela eta zinema beltza. Kontua zen trama interesgarri bat lortzea eta modu arin batean aurrera eramatea irakurlea harrapatzeko. Oso gustura idatzi dut», esan du Arretxek.

Perrot eta Martinez inspektoreak dira pertsonaia nagusiak; bata beltza, bestea magrebtarra. Pigalle auzoko giroa asko gustatzen zaie polizia gogor hauei. Lanean hasi bezain laster, ordea, katramilatu egingo zaie ikerketa, gertakari berri eta ezustekoak direla-eta.

Paris hiria da eszenatokia. «Kokatu nahi nuen atzerriko hiriren batean. Lisboa, Paris, Londres edo Istanbul neuzkan gogoan. Kasualitatez, beste arrazoi batzuengatik, aspaldi honetan askotan bidaiatu dut Parisera eta hiri hori aukeratu nuen». Pariseko bi aldeak ikus daitezke eleberri honetan. «Nobela beltz klasikoetan beti agertzen da kritika soziala, edo pertsonaia baztertuak... Nik kontrajarri egin ditut elementu batzuk: nobelaren hasiera Sena ibaian gertatzen da, luxuzko kruzero baten dabiltzan Biarritzeko koruko kideen artean. Festa Nazionala da eta jendea dotorea dabil, giro elitista nabari da. Baina erailketa gertatu ondoren agertuko diren detektibeak oso bestelakoak izango dira, beste muturreko mundukoak. Afrikar jatorrikoak; Parisko etorkinen auzoetan ibili ohi dira hauek». Hirugarren pertsonan idatzia, elkarrizketaz josita dago narrazioa. «Erritmo bizia izateko, ezinbestekoa zen egitura hori».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo