«Azeria eta Lehoia», Sebastian Zubileta itsasoan da berriro
Edorta Jimenez idazle mundakarrak «Azeria eta Lehoia» eleberri historikoa aurkeztu zuen atzo, eta «Baleen berbaroa»rekin hasi trilogia bukatu. XVI. mendean kokatua, emakumeek eta sinesmen auziek paper nabarmena hartu dute Joseba Jaka beka jaso duen liburuan.
Anartz BILBAO | BILBO
XVI. mende bukaeran Sebastian Zubiletak Euskal Herritik Ingalaterrara egindako bidaia jaso du Edorta Jimenezek atzo aurkeztu zuen «Azeria eta Lehoia» liburu plazaratu berrian. Bertan, garaiko jendearen ohiturez gain, arrantzale giroa eta fede edo sinesmen auziak agertu ditu.
Liburuaren izenburua Machiavelliren «Printzea» liburutik atera du Jimenezek. Han, printzerriko agintea ez galtzeko azeriak eta lehoiak bezala jokatzen jakin behar duela esan zion printzeari Machiavellik. Eleberri historikoa izanik, euskaldunek La Armada Invenciblen izandako parte hartzearen gaineko iritzi osatua jaso du bertan.
Emakumearen garrantzia
Datu historiko garrantzitsu batean oinarrituta emakumeei garrantzia ematen saiatu da Jimenez liburu honetan. Izan ere, eta orain arte ezer esan ez den arren, gerraontzi haietan emakumeak ere baziren; datuak urriak diren arren, hori islatzeko ahalegin berezia egin du Edortak. Emakumeen psikologian asmatu ote duen kezka du, baina poztu egin du lanak, aspaldi zebilelako trilogia honetan emakumeari garrantzia eman nahian.
Itsasoko hizkera irakurketa eragozpenik sortu gabe lantzen saiatu da autorea; nobelan sartu ahala, ontziei buruz ere ikasteko aukera dago, hori izan du Edortak erronka nagusia, datu historikoekin irakurlea ez nekatzea.
Zubileta fikziozko pertsonaia mundakarra dugu. Berarekin batera, Getaria eta Bizkaiko pertsonaiak ageri dira, baita naferren eta lapurtar higanoten bat ere; eta atzerriko beste asko, fikziozko zein benetako.
Balearen berbaroan abiatu da itsasora lehenengoz Sebastian ontzi txiki batean. Bigarrenean, Lisboa ageri da, eta gaixotasuna. Baita karraka ontzi ertaina eta judu herratua ere. Hirugarren honetan berriz, Ingalaterra eta hamaseigarren mendeko tramankulurik perfektuena, galeoia hain zuzen ere.
Liburuz liburu gero eta itsaso eta ontzi handiagoak eta pertsonai harrigarriagoak ezagutuko ditu protagonistak, baita inguruko sinesmen eta erlijioak ere.
Duela hamahiru urte jarri zuen egitasmoa abian, eta bultzada ugari izan ditu Jimenezek lana burutu ahal izateko. Lehenengo liburua italierara itzuli izanak eman zion bigarrenerako bultzada. Eta Joseba Jaka bekak hirugarren honetarako behar zuena. Txalaparta argitaletxeak ere lagundu dio idazleari, baita inguruan dituen lagunek ere. Denei eskerrak eman nahi izan zizkien atzo Edorta Jimenezek.