GARA > Idatzia > Musika

Isilikonai. Koroaren melodia: isiltasuna

Estatu espainolean demokratikoki erabaki eta, beraz, bozketan onartu ez dena monarkiaren gaia da. Erregimen faxista batek, hots, Francisco Francok, ezarritako gobernu diktatorialaren erabakia izan zen Estatu espainolak, derrigorrean eta lege faxistaren bidez, monarkikoa izan behar zuela eta erregea ontzat hartu behar zela. Baina beti egon dira Errege etxeari eta aginte faxista orori borrokarekin erantzun diotenak.

Zer nolako demokrazia egon daiteke Estatu espainolean oraindik Franco diktadorearen legeak indarrean badaude? Eta demokrazian bagaude, agintetik esaten badigute egunero «adierazpen askatasuna» bermaturik dagoela? Mendebaldeko erregimen monarkikoetako estaturik zorrotzena monarkia hori defendatzeko garaian Estatu espainolekoa da. Errege etxearekin eta bereziki erregearekin sartzea ez da oso erraza izan buru gainean egon delako lege demokratikoaren mailua.

Kortatu taldekoek bigarren diskoaren liburuxkarako prestatuta zeukaten erregearen irudia autozentsuratu egin zuten. Erresuma Batuan agertu zen edizioan argitaratu zen jatorrizko irudia. Arrasatek eman duen punk talderik basatienak zuzenekoetan hitz bat abesten zuen, baina diskora ekarri zuenean esaldi korapilatsu hura moldatu egin behar izan zuen. Kanaria Handiko abeslari bat berriki epaitu eta zigortu dute. Erregearen aurpegia zuen argazki bat erre zuten Katalunian eta sekulako iskanbilak izan dira.

Baina Estatu espainoleko erregeak Euskal Herrian egiten den jarreradun musikaren zuzen-zuzeneko ezagutza du. 2004ko abenduaren 10ean Arrasatera gonbidatu zuten Kooperatibako nagusiek Polo Garaia inauguratzera. Erregearen bidaiaren barne kudeaketak sekretu handienarekin eramaten dira eta protokolo profilaktiko eta zuritzailea ia perfektua da. Rip, Barricada, Fat Fish eta abarren musika entzun zuen. 4.000 watt zaratatsuak nondik zetozen bila ibili zen euskal eta espainiar polizia. Ordu laurden noraezean polizia biak.

Kooperatibistak sutan, langile askoren isiltasuna erosi ondoren, gazte batzuek zapuztu zietelako isiltasun demokratikoa. Demokrazian sarri derrigortzen da isilik egotera. Euskal Herrian politika tabua da askotan. Diskrezioa eskatzen denean, isiltasuna exijitzen da. Euskal Herrian bada Silikonay izeneko taldea. Erregeak entzuten duen musikaren melodia demokratikoa: isilikonai.

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo