«Naiz» Bidasoa gaineko mugan bertan aurkeztu du Serbiellek
Epailearen akusazioak direla-eta, ezohiko egoeran dago Peio Serbielle kantaria, eta ezohiko egoera hori bere azken diskoaren aurkezpena ere ezohiko leku batean egiten nabarmendu nahi izan zuen. Izan ere, Hendaia eta Irun bitarteko Santiago zubian egin zuen atzo.
Martin ANSO | HENDAIA
Hunkituta, zinez hunkituta agertu zen atzo Peio Serbielle kantari zuberotarra bere azken diskoa, «Naiz» izenburukoa, aurkeztean. Hamasei hilabete Angulemako kartzelan pasatu ondoren, etxera itzuli da, baina ez guztiz, alde batetik, «inor ez delako presondegitik osorik ateratzen» -esan du- eta, bestetik, epaileak bere mugimendu askatasuna murriztu duelako. Hain justu, murrizketa hori nabarmentzeko, «Naiz» diskoaren aurkezpena Hendaia eta Irun lotu eta, aldiz, «France» eta «España» bereizten dituen Santiago zubian egin zuen atzo.
Oteizaren mugarria gertu zuela, biziki hunkituta eta hainbat lagunek babestuta, Serbiellek, ahots hutsez, kantu bat kantatu zuen. Baina ez disko berria osatzen dutenetako bat, Iparragirreren «Hara non diran» ezaguna baizik. «Iparragirre -esan zuen zuberotarrak-, gaur zure kantak betetzen nau; gaur gogoratzen naiz nola ihes egin zenuen herri sakon honetatik; gaur zure kanta eta zure musika neureganatzen ditut».
Aurkezpena egiteko zergatik aukeratu zuen Bidasoa gaineko zubia argituz, zera esan zuen: «Giza eskubideen herri ospetsu honek, Frantziak, nire lan artistikoa egiteko lurralde honetatik ateratzea debekatu dit. Bistan da ez dudala epaileak dituen arrazoiez ezer esatekorik, gauza bat baizik: ni artista bat naiz, osoki, eta argi eta garbi esan behar dizuet inoiz ez dudala lehergailuz betetako pentze batean kontzertu bat egin. Gaur, nire abeslari lana baldintza normaletan ezin dut bete; ezin dut nire herrian normal ibili; ezin dut beste lurraldeetara kantatzera joan».
Serbiellek «Zara» eta «Gara»-rekin osatuko duen trilogia baten lehenengo urratsa da «Naiz». HK disko etxeak ekoitzi du eta gara.net web-gunean eros daiteke. Durangoko Azokan, GARAren erakustokian ere egongo da salgai.
«Naiz» osatzen duten kanta gehienak Serbiellek sortu ditu, baina badira, «Aita Gurea»-z gain, Andoni Zelaia presoaren bat eta Etxahun Iruriren beste bat ere. Irratitik jasotako sostengu mezu batzuk ere bildu ditu.
Laguntzaile asko, den-denak luxuzkoak, izan ditu Peio Serbiellek diskoa grabatzerakoan. Horra hor Renaud kantaria, Philippe de Ezkurra soinu-jotzailea, Arnaga soka-laukotea edota Xaramela abesbatza.