Disko Berriak Aritz Sound System
Arimaren berpiztea
Zergatik dute arrakasta arrakasta duten abeslari eta taldeek? Hauxe bai galdera zaila. Musika arloan onenak direlako? Egiten duten musika estiloa gehiengoari gustatzen zaiolako? Atzetik promozio indartsua dutelako? Ez dakit. Zaila da orokortzea. Askotan esan izan dugu entzuleak, dauden musikari eta estiloen artean aukeratzeko aukera gehiago izango balu, gaur egun hedabideetan izar bezala aurkezten dizkiguten horietako asko ez lituzkeela izar kontsideratuko. Beste era batera esanda, jende gehiagok Sharon Jones bezalako abeslariak ezagutzeko aukera izango balu, izarren panorama bestelakoa litzateke. 1958. urtean AEBetako Georgian jaioa, urte mordoa eman ditu itzalean musikazaletasuna garatzen. 2001. urtean Dap Kings taldearekin hasitako elkarlanari esker, abeslari honen doai guztiak garatu dira. Berdin dio soul goxoa, blues garratza edo funki basatia abesten duen, guztietan barne barnetik sortutako sentimenduak azaleratzen ditu. Hau bai harri bitxia! Abeslari baten garapenean ezinbestekoak dira ingurunea eta taldekideak. Dap King taldearekin batera, Sharon Jonesek eskaintzeko duen onena eskain dezake bai estudioan eta baita zuzenean ere. Azken disko honetan, aurreko bi diskoetan hasitako bideari eustsi dio. 60ko hamarkadako soul eta funk doinuak errepika ezinak direla uste duten guzti horientzat eta egun egiten den plastikozko soularekin nazkatuta dauden guztiontzat ezinbesteko abeslari, talde eta diskoa da.