Garbiñe Elizegi Narbarte Erdiz Bizirik!
Baztango herriari
Azken asteetan Baztango NaBaik Erdiz-en aferari, beren ustez, irtenbidea emango dion proposamen bat argitaratu du prentsan. Hori dela eta, hainbat herritar hurbildu zaizkigu gure iritzia eskatzeko. Horren ondorioz, Baztango herritarrei zuzentzen gara gure ikuspuntua adierazteko.
Guk ere proposamen horren berri prentsa bidez izan dugu, ez dago inolako proposamen ofizialik idatzita. NaBairen aldetik, idatzita dagoen gauza bakarra urriaren 1ean egin zen proposamena, eta alkate batzuei eman zaien «borradore» bat bertzerik ez dago. Denok dakigu hitzak eta «borradoreak» haizeak eraman ohi dituela. Zerbait ezkutatu da berriz. Dioten bezala, beren proposamenaren eta guk proposatzen dugun erreferendumaren artean horrenbertzeko alderik ez badago, zergatik ez dute Nafarroako Gobernuak arautuko duen eta balio juridiko osokoa den erreferendum sistema bat bultzatzen?
Gure ustez, gauzak ez dira argi egiten ari, eta udalaren helburua herria manipulatu eta haren hitza berriz ere lapurtzea da.
Erreferendumaren legea Batzar Orokorrak beregain hartzea da Erdiz Bizirik-ek babesten duen proposamen bakarra, hain zuzen ere, Baztango sei alkateek bultzatu dutena. Hori da azaroaren 10ean manifestatzera etorri zirenek babesten dutena eta udaletxera sinatzera etorri direnek babesten dutena. Guztira, NaBairi azken hauteskundeetan botoa eman ziotenak baino gehiago gara gaur herri galdeketa ofiziala eskatzen dugunak. Lege hori aurrera eramateko behar dena baino aise gehiago.
Horretaz gain, NaBairi oroitarazi behar diogu erreferenduma egitea eskubide bat dela, eta eskubideak ez direla negoziatzen. Hortaz, arazo hori konpontzeko bide bakarra herriak erraten duena entzun eta herriaren nahia betetzea da. Trikimailu eta manipulaziorik gabe, faborez!