GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14a

Avironek Biarritzen egoeraz baliatu nahi du puntuei eusteko

Euskal Herriak dituen bi talderik handienen arteko dema etzi bazkal ostean izango da ikusgai Baionan, Jean Dauguer zelaian, 15.00etatik aitzinera

p041_f01.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Dena prest dago, bi egun besterik ez dira falta urteko egunik garrantzitsuenetakoa heltzeko. Etzi, 15.00etatik aitzinera, Jean Dauguer zelaian, Aviron eta Biarritz neurtuko dira. Ligako partida da, baina berezia. Bi taldeen arteko dema honek sekulako ikusmina piztu du, bi talde horientzat urteko partidarik garrantzitsuenetakoa izango baita.

Giroa aparta egongo da harmailetan. Urtero gertatzen den moduan, Jean Dauguerren dauden 15.000 eserlekuak bete egingo dira. Hori bai, gehienak Avironen aldekoak izango dira, biarriztar gutxi izango da ziur asko etzi Baionan. Biarritzen jokatzen denean, berriz, baionar gutxi izaten da han. Urteroko legea da hori. Bi taldeen arteko harremana ez da ona, eta hala izaten dira urtero kontuak, hala ere, giroa aparta izango da.

Harmailetakoaz gain, bi taldeetako giroa ere oso ezberdina da. Baionan, dena da lasaitasuna. Liga hasiera ona egin dute. Jokatutako hiru partidetatik bi irabazi dituzte, eta bat galdu dute. Joan den ostiralean pasada handi samarra hartu zuten Parisen, baina hori normaltzat har daiteke, azken batean, zuri-urdinen helburua mailari eustea baita.

Biarritzen egoera oso bestelakoa da. Liga irabazteko helburuarekin ekin dio denboraldiari, baina hasierak ez du itxaropenerako ate gehiegi zabaldu. Jokatutako hiru partidetatik bakarra irabazi dute, beste bat berdindu eta hirugarrena galdu egin dute; zaleen kezka beraz, ulertzekoa da. Zuri-gorriek ez dute entsegurik lortzen, eta jaso, berriz, ohikoa baino askoz ere errazago jasotzen dituzte. Zaleak bakarrik ez, zuzendaritza ere nahiko haserre dabil, eta entrenatzaile aldaketa zurrumurrurik ere hasi da entzuten. Iaz ere, espero zena baino denboraldi kaskarragoa egin zuen taldeak. Larunbatean galduta, egoerak dezente egingo luke okerrera; sailkapenean beheko postuan egongo litzateke, eta horri, betiko aurkariaren kontra galtzeak ematen duen mina gehitu behar zaio. Zalaparta nahikotxo izan daiteke etzi.

Isaac

Laguisquetek eta Delmasek, Biarritzeko bi entrenaitzaileek, karguetan jarraitzen dute oraingoz, baina aste honetan bertan hirugarren bat gehitu zaie, Isaac australiarra. 35 urteko gizon hau, taldeko jokalari izan zen, eta Biarritzek azkenaldian izan dituen garaipen handi batzuetan izana da. Gazte mailako taldea entrenatzen aritu da, eta aurrerantzean lehen taldeko entrenatzaile izango da.

Ez da, ordea, hori izan zuri-gorrien zuzendaritzak hartu duen erabaki bakarra. Aste honetako entrenamendu guztiak ateak itxita egingo baidituzte, eta taldeko inork ez du adierazpenik egingo: «Taldeak lasaitasuna eta konzentrazioa behar du, eta horregatik hartuko dugu erabaki hau», esan zuen Marcel Martin presidenteak.

Guzti hori gutxi balitz, jokalariekin ere arazoak ditu talde zuri-gorriak, hamaika baitaude min hartuta, eta ia denak, ohikoak direnak, gainera. Traille, Brusque, Gaitan, Couzinet, Betsen, Carizza, Dridi, Ferrer, Carpentier, Cabannes eta Yachvili ez daude etzi jokatzeko moduan. Hutsune guzti horiei, Nwgenyarena ere gehitu daiteke. Estatubatuarrak hiru aste daramatza Biarritzen, eta pasa den astean jokatzeko moduan izatea itxaroten zuten arren, ezin izan zuen, bere dokumentazioa ez zelako heldu. Larunbaterako ere zalantza horrekin jarraitzen dute Biarritzen.

Hiriburuan, aldiz, gauzak bestelako egoeran daude. Jokalarigarrantzitsu guztiak jokatzeko moduan daude. Zaleak irrikaz, taldea normaltasun osoarekin entrenatzen, Biarritzen bezalako neurririk hartu gabe. Ilusio handiarekin daude, eta jakitun dira baita ere alboko herriko taldeak dituen arazoetaz, eta egoera horretaz baliatu nahi dute etzi jokoan egongo diren lau puntuak eskuratzeko. Bosgarrena ere lortuko balute sekulakoa izango litzateke. Hori gertatzen bada, Birritzen, arazoak gehituko dira, eta mugimendu asko izango da.

Zuri-urdinak

Baionan oso aste lasaia dute, beti ere derbiak pizten duen urduritasuna kontuan hartuta. Liga hasiera ona izan dute, nahiz eta joan den astean Parisen galdu zuten. Hasiera on horrek konfiantza handia ematen die.

zuri-gorriak

Biarritzen gauzak nahiko nahastuta dabiltza. Liga hasiera kaskarra egin dute, eta entrenatzaileen jarraipena kolokan egon daiteke. Aste honetako entrenamenduak ateak itxita ari dira egiten, eta taldeko inork ez du adierazpenik egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo