Moda, elektronika eta sorkuntza musikalak ditu hizpide MID-E plataformak Donostian
GARA | DONOSTIA
MID-E plataformak jardunaldiak antolatu ditu Donostian abenduaren 13a arte. Egitarauaren ardatza, kaleko kultura adierazpenen eta artearen arteko mugen gaineko hausnarketa izango da.
Gala Tabakaleran
Gaur bertan Nigel Bennett artista ingelesak orain arte egin duen lanaren nondik norakoak argitzen dituen ikus-entzunezkoa aurkeztuko du Koldo Mitxelena Kultur gunean arratsaldeko 19.30etatik aurrera. Multimedia arloa landu duen sortzailea da Bennett. Bere lanari dagokionez eduki politikodun zinema lantzen du, eta argazkilaritza eta musika elektronikoaren arloan, «iluntzat» hartua izan da. Aurkezpen honekin batera, «Closer» nazioarteko bideo-sorkuntza eskainiko da gaur .
Egitarauari jarraituz, bihar Kenny Campbell eta Tatu Vuolteenaho Londongo sortzaileek KCTV.com webgunearen aurkezpena egingo dute Koldo Mitxelenan arratsaldeko 18.30ean. Egitasmo honek musika, kultura, arte eta moda klubak elkartzen ditu. Jarraian, sortzaileen egoera hizpide hartuta, mahai ingurua abiatuko da. Eztabaidan Mario Canal arte komisarioa eta kazetaria, Miguel Angel Gaüeca artista ospetsua, Tytti Thusberg moda disenatzaile eta artista finlandiarra eta Cibeles eta d'Ete ibiltokietan parte hartu duen Ion Fiz moda diseinatzailea izango dira.
Larunbatean Tabakaleran izango da MID-E plataformaren aurtengo gala. Bertan, moda desfileak, ikus-entzunezko proiekzioak eta Dj musika emanaldiak izango dira. Arituko diren artisten artean, ondorengoak: Christian Bermudez (Nikaragua), Sadak (Alemania), Ioannis Dimitrousis (Grezia), Crazy Girl (AEB) eta Clara Moto (Austria). Gaueko ordu bietatik aurrera DJ sesioa izango da Komplot-en Humana eta Warboy disko jartzaileen eskutik.
Abenduaren 13an, bukatzeko, L. Dombrowicz moda adituaren hitzaldia izango da.