GARA > Idatzia > Editoriala

Euskal arrantza, irauteko neurri eske

Ondarroako ontzi bat Euskal Herrian arrantzak jasaten duen krisi luze eta larriaren irudi deitoragarria izan zen atzo. Uztailetik portuan geldirik eta armadoreek sal dezaten arriskuan; hala gertatuko balitz, ontziarekin batera arrantza eskubideak ere aterako lirateke Euskal Herritik, LAB sindikatuak eta euskal portu guztietatik Ondarroara bildu ziren arrantzaleek salatu zutenez. Dramatikotzat jo zuten egoera, eta azken urteotako datuek ere halaxe berresten dute: hamabi urtean euskal arrantzale eta ontzi kopurua erdira murriztu da.

Sektorearen gainbehera ikaragarri hori ez da halabeharraren ondorio, baizik eta, alde batetik, Europako Batasunak arrantzan egin dituen gehiegikerien ondorio, iraunkortasunaren alde inola ere egiten ez duen politika baten ondorio, alegia, eta Euskal Herriko arrantzaren egoera horren erakusgarri argia da. Gehiegizko arrantzak, estatu boteretsuenekiko mendekotasunak, arrantza egiteko baimenak eta kuoten salmentak eraman dituzte euskal portuak egoera horretara, lan munduan nagusi den prekarietatea ahaztu gabe. Deslokalizazioa, beraz, ez da industriari soilik dagokion fenomenoa. Bestetik, EAEko Administrazioak publizitate kanpainak egiten baditu ere, ezin da esan inola ere sektorearen aldeko apusturik egin duenik, Europaren eta Madrilen erabakiei men egitetik harago jo gabe. Ondorioak nabarmenak dira: ontzidia eta arrantzaleak desagertzeko bidean daude Euskal Herrian, eta kalte ekonomikoari kulturala ere erantsi behar zaio.

Herri proiektu bat dagoen lekuan lehen sektorea funtsezkoa da, eta elikadura-subiranotasuna aldarrikatzen den honetan Euskal Herriko arrantzaren egoera kontrako bidean barrena doa. Garapen iraunkorra hitzetik hortzera hizpide duten berberek ezikusia egiten diote sektore horren gainbeherari, eta nekez lor liteke garapen orekaturik oinarrizko sektorea, garatu gabe ez ezik, desagertzen ere uzten baldin bada. Zalantzarik gabe, beharrezkoak dira arrantzaleek eskatzen dituzten neurriak, berehalako neurriak hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo