GARA > Idatzia > Ikusmira

Ahtisaari planaren aurretiko egoera berbera

Serbiar eta kosovoar agintarien arteko negoziazioak, nazioarteko diplomaziaren zirkuitu osoa bete ondoren, hasi aurretiko puntu berberera heldu dira. Beste behin ere, Balkanen testuinguruan, aldeen arteko konponbide adosturako aukerarik gabeko agertokian gaude. Eta, are okerrago, hango herritarrek eta politikariek, nazioarteko eragileen laguntza jaso beharrean, alde bateko eta besteko presioa eta herrialde desberdinen interesen araberako «babesa» jasotzen dute. Herrialde guztiek honelaxe justifikatzen dute beren posizioa, norberaren interesen arabera.

2005ean, Marti Ahtisaari finlandiarra Kosovorako Nazio Batuen Ordezkari Berezi hautatu zutenean, egoera gaur egun dagoen berbera zen. Areago, horrexegatik izendatu zuten nazioarteko egituretatik ordezkari bat. Ahtisaari egoeraren azterketa egiteko, alde bakoitzaren posizioak baloratzeko eta interes eta aukera desberdinak kontuan hartzen zituen proposamena egiteko hautatu zuten. Hori guztia herritarren eta herrien arteko orekak eta zonaldearen berezitasunak kontuan hartuz, jakina. Esan bezala, duela bi urte egoera antzekoa zen, baina denborak aurrera egin ahala indefinizio politiko eta instituzionala jasanezin bihurtu da, bai kosovoarrentzat, eta baita serbiarrentzat ere. Ordutik hona aldatu den gauza bakarra Ahtisaariren plana da. Eta bada aplikatzeko ordua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo