GARA > Idatzia > Osasuna

Bolada txarra

Fonten erremedioa: «Markagailuan aurretik jartzea»

Talde gorritxoak lansaio bikoitza izan zuen atzokoan. Albiste nagusia, bi hilabete eta erdiren ostean Igotz Garde Taxoaren korrika ikustea izan zen

GARA | IRUÑEA

Osasuna ez da sasoiko boladarik onena igarotzen ari. Azken asteetako porroten ondorioz, talde nafarra ligako hamazazpigarren postura erori da eta, 12 puntu dituela, jaitsiera postuetatik hurbilegi dago: hamazortzigarren lekuan, Huelvako Recreativorekin berdinduta.

Horren aurrean, Hector Font erdilariak bere konponbidea azaldu zuen entrenamendu osteko prentsaurrekoan: «markagailuan aurretik jartzea» hurrengo neurketetan. Fonten aburuz, segidako hiru porroten iturburua «hasieratik atzetik egotea» da, eta «benetako Osasuna» markagailuan «aurretik jartzea» lortutakoan ikusiko omen da.

«Azken hiru neurketetan hasieratik markagailuan atzetik egon gara eta azkenean, noski, puntuak galdu ditugu. Zaila da neurketa bati buelta ematea bi golez galtzen hasi bazara, are gehiago, talde guztiak taktikoki hain ongi egokitzen direnean».

«Partida horietatik zer ikasia atera behar dugu. Neurketak oso berdinduta egoten dira eta xehetasun batek porrota ekar diezazuke. Nire ustez, markagailuan aurretik jartzea lortzen dugunean, ordea, ikusiko dugu benetako Osasuna; izan ere, irabazten edo galtzen hasteak dena aldatzen baitu. Emaitza alde dela, futbolean errazago jokatzen da. Markagailuan aurrea hartzen duen taldeak irabazi ohi ditu partidak», adierazi zuen.

Ondorioz, urte amaiera lasaia iragarri zuen Fontek. «Hiru neurketa ditugu etxean eta han lor ditzakegu beharrezko puntuak. Gainera, bederatzi talde uneoro leihan egongo gara. Besteak baino eskasagoak ez garela erakutsi behar dugu».

Igotz Garde Taxoaren

Bezperako atseden egunaren ondoren, lansaio bikoitza izan zuten atzokoan gorritxoek.

Alabaina, atzoko entrenamenduak albiste bikainak utzi zituen. Izan ere, alde batetik, Delportek, senda agiria jaso eta gero, beste taldekideekin normaltasunez entrenatu ahal izan zuen. Bestetik, irailaren zazpian min hartu zuenez geroztik, Igotz Gardek aurrenekoz entrenatu zuen Taxoaren, korrika aritu besterik egin ez bazuen ere.

Horretaz gain, Josetxori erresonantzia egin zitzaion Iruñeako San Miguel klinikan eta, emaitzak ikusita, ari omen da bere onera itzultzen. Beraz, lan karga handitzeari ekingo dio. Atzo behintzat, min hartuta jarraitzen duten Javier Flano eta Juanfranekin batera, Taxoareko gimnasioan aritu zuen jokalari nafarrak.

Benetako osasuna

Hector Fonten aburuz, talde nafarrak «aurretik jartzea lortzen» badu, orduan ikusiko omen da «benetako Osasuna. Irabazten hasteak dena aldatzen du eta, oro har, markagailuan aurretik jartzea lortzen duenak irabazi ohi ditu partidak».

20.45ean izango da Sevillaren aurkako partida

Ligako bigarren jardunaldiko Osasuna-Sevilla atzeratutako partida abenduaren 5ean jokatuko da. Reyno de Navarra futbol zelaian 20.45etik aurrera jokatuko da bi taldeen arteko norgehiagoka. Abuztuaren 25eko liga hasieran Antonio Puerta hil zela-eta atzeratu zen partida hori.

Javi Garcia berriz ere defentsaren erdialdean

Defentsako erdialdean lesionatu ugari daudenez, Javi Garcia erdilari jartzeko proba egin zuen beste behin atzokoan Jose Angel Zigandak. Garciak Huelvako Recreativoren aurka erdialdeko defentsa lanak egin zituen eta emaitza ez omen zen txarra izan, Osasunak galdu arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo