Txillardegik «Horretaz» saiakera liburuan bildu ditu bere gogoetak
1965ean «Huntaz eta hartaz» argitaratzean, aurrerakada nabarmena eman zion Txillardegik euskal saiakerari. Oraindik ere, 42 urteren ostean, ez dago bera geldirik egoteko. Hirukia osatu berri du «Horretaz» liburua plazaratzearekin. Gai ezberdinetako zazpi saio labur eskaini ditu.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Euskal literaturaren, euskal kulturaren eta euskal gizartearen eragile handienetako bat da Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, eta Xabier Mendiguren editoreak gogorarazi bezala, donostiarra «ez da konformatzen historia izatearekin, lanean ari baita» egun oraindik ere. Alegia, labetik atera berri du Elkarrek bere «Horretaz» liburua, zazpi saiakera labur biltzen dituena.
Izenburua entzuteak bati baino gehiagori ekarriko dio burura «Huntaz eta hartaz» (1965) liburua, Txillardegiren lehenengo saiakera. Hainbat gai ardatz hartuta, berebiziko garrantzia lortu zuen ekarpen hark. Izan ere, bazegoen, nolabait, gizarte moderno batek dituen beharretarako euskarak ez zuela balio zioen uste halako bat, eta liburu harekin euskal saiakerari bultzada nabarmena eman zion idazleak eta, era berean, euskara gai orotako tresna «malgu eta adierazkorra» izan zitekeela erakutsi.
Hala, 42 urteren buruan argitaratutako «Horretaz»-ekin hirukia osatu du Txillardegik.
Bere kezken erakusgarri
«Zazpi saiakera labur dira -dio autoreak-, eta zer ez diren esango dut nik: ez dira gai politikoak ikutzen, ez da saiakera politikoa. Baina hori ere ez da guztiz egia, esate baterako, Sartreri buruzko saiakera bat dagoelako, eta hari buruz politikarik gabe hitz egitea ez delako posible. Gauza bera gertatzen da Ameriketako genozidioarekin ere. Zentzu horretan, beraz, politika ikutzen da, baina ez da hori helburua».
Hein horretan, gai anitzen gaineko kezka eta gogoetak bildu ditu Txillardegik. Jean Paul Sartre ez ezik, Rosalía de Castro ere -litekeenez, lehen poeta existentzialista-, mintzagai du «nire bigarren aberria den Galiziari buruz hitz egiteko aukera eman didana». Gainera, Ameriketako indioen genozidioa, giza eboluzioa, eta erlijioaren eta antropozentrismoaren kritika landu ditu entsegu banatan. Astronomiari buruz ere, bi lan daude.
Izenburua: «Horretaz. Zazpi saiakera labur».
Egilea: Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi.
Argitaletxea: Elkar.
Bilduma: Eztabaida 12.
Salneurria: 18,50 euro. Orrialde kopurua: 224. Kaleratze data: 2007ko azaroa.
Astronomiari buruz liburuan dauden bi testuen aipamena egin du, bereziki, egileak. «Inondik ere ez naiz benetako astronomoa, horretan interesatua, baizik. Unibertsoan dugun lekua ulertzeko oso garrantzitsua da».