Ondarrutarrek Herri Ikastolaren 40 urteak gogoz ospatuko dituzte
Zubi Zahar Herri Ikastolak 40 urte bete dituen honetan, atzera begira jarri, eta hitzaldia antolatu dute gaur arratsalderako. Haren bidez, On-darroako Herri Ikastolaren historia zabalduko dute.
GARA|
Berrogei urte dira jada Ondarroako herritarrek Zubi Zahar Herri Ikastola sortu zutenetik, eta lau hamarkada luze daramate hango eskola proiektuari eusten. Orain, halako data esanguratsua begibistan izanik, ez dute aukera galdu nahi izan eta gaurko Herri Ikastolaren historia ezagutzera emateko ekitaldia antolatu dute.
Arratsaldeko 18.30ean izango da hitzordua, Ondarroako Kofradia Zaharreko hitzaldi aretoan. Bertan, «Zubi Zahar Herri Ikastolaren 40 urteko historia» izenburuko hitzaldia emango da. Gainera, parte hartuko duten zazpi hizlarien azalpenez gain, argazki proiekzioa eta grabatutako elkarrizketa zatiak entzungai eskainiko dira.
Ikastolaren historia herritarrei hurbiltzeko asmo horretan parte hartuko duten hizlarien artean, Agurtzane Jaio egongo da, Zubi Zahar Herri Ikastolako lehen andereñoa. Jaioren esku egongo da ikastolaren sorrera eta lehen urte haiek gogora ekartzea. Haren ondoan, Imanol Oruemazagak hitz egingo du, ikastola sortu zuten gurasoen eta bazkide laguntzaileen ikuspegia azaltzeko.
Jarraian, Sorne Elu, lehen belaunaldiko ikaslea, arituko da berbetan; baita Ana Rosa Aranaz ere, Haur Hezkuntzako arlo pedagogikoan izandako aldaketak aztergai hartuta. Pedagogiaz mintzatu ostean, Inma Laka eta Xabier Etxaburu lehendakari ohien txanda helduko da eta, bukatzeko, Koldo Urkiza zuzendariak hartuko du hitza, eta gaur egungo egoeraren berri emango du.
Antolatzaileek azaldu dutenez, gainera, gaurko ekitaldia Zubi Zahar Herri Ikastolaren historiari buruzko argitalpen baten abiapuntu bilakatzeko asmoa dute.
Horretarako, ikastolaren sorrreran eta garapenean zeregin garrantzitsua izan duten pertsonen presentzia bermatu nahi izan dute entzuleen artean, hitzaldia ekitaldi ireki bihurtu nahian. Zentzu horretan, anto-latzaileek gonbidapen berezia luzatu nahi izan diete proiektu horretan buru-belarri ibili diren guztiei.
Gauzak horrela, urte batzuk atzera egin, eta ikastolaren sorrera zer nolakoa izan zen jakin nahi duenak, gaur, 18.30ean, Ondarroako Kofradia Zaharretik pasatzea besterik ez du.
Hala eta guztiz ere, honakoa ez da urteurrena ospatzeko Ondarroan egindako ekimen bakarra; izan ere, horren harira, joan den azaroaren 18an egungo ikasle eta ikasle ohiek bazkaria egin zuten kiroldegian.