ipar-hego topaketa kulturalak
Kultura aniztasuna bultzatzeko topaketak Biarritzen
Biarritzeko Versant antzerki konpainiak, hirugarren «Ipar-Hego topaketa kulturala»ren kariaz, kultura aniztasunaren aldeko mezua zabaldu nahi du. Gaël Rabas antzerki konpainiako zuzendariaren, eta Adama Traoré Bamakoko Acte Sept elkarteko kidearen eskutik, artea, kulturen arteko elkartasun eta aniztasunaren ikurtzat aurkeztuko dute Biarritzen. Antzerki, musika zein dantzaren bidez, kulturen arteko elkarbizitzak dituen aplikazio zehatzak agertuko dituzte.
Eneritz ZABALETA | BIARRITZ
«Kulturen aniztasuna, mundu osoan heriotz arriskuan dagoen gizateriaren altxorra da. Kultura guztiok gure aniztasuna biziarazteko eta kulturak bizikide izateko tresnarik ez badugu, Hollywood kulturak espazio guztia bere eginen du». Gaël Rabas, Biarritzeko Versant antzerki konpainiako zuzendari artistikoak, labur azaldu ditu modu horretan, kultur aniztasuna defendatzeko beharra, eta kulturen arteko trukeak bultzatzeko beharra. Biarritzen antolatu diren Ipar-Hego hirugarren topaketa kulturalek horretarako tresna izan nahi dute.
Aurtengoarekin zazpi urteko bidea egina da Versant antzerki konpainia, Ipar eta Hegoko kulturen arteko elkartasun eta trukearen arloan: «hasi ginenean, kultur aniztasunaren ideia ezagutarazi behar genuen. Orain NBEk, UNESCO erakundearen bidez, kulturen aniztasunaren onuren ezagupen ofiziala bermatu du. Gure topaketek, aniztasun eta elkartasun hori gauzatzeko tresna izan nahi dute», dio Rabasek.
Eztabaidak eta ikusgarriak
Mundu-Kultura bakarraren parean, munduko kulturen aberastasuna bermatzeko, elkartasun kulturalaren bidea hautatu dute Versant antzerki taldekoek: «topaketa hauek, topaleku izan nahi dute, epe luzeko proiektu kulturalak sortzeko». Rabasek aipatutako helburua lortzeko tresna bat da, dudarik gabe aurtengo topaketa kultural hau. Venezuelako Contrajuego troparen eta Versant konpainiaren zein Biarritz Baletaren arteko nazioarteko arte-eskola asmoa, eta Angeluko eta Maliko Konna herrien arteko trukatze eta topaketa hitzarmena dira, halaber, horren adibide.
Topaketek, hiru eguneko eztabaida gunea izatea dute xede, munduko hainbat eskualdeko eragile kulturalak bilduz, kulturen aniztasunari buruz eztabaidatzeko. Elkarrekin eztabaidan, denak, itsaso kultural erraldoi batean igerian jartzeko asmoz. Bakoitzak bere igeri egiteko modu bereziaz, baina igerilari guztiak norabide berean jo dezatela lortzea da honako helburua.
Trukea eta elkartasuna. Rabasek dioen «Hollywood kulturaren» aitzinean, kultura xumeenak, txikienak daude arriskuan. Batak bestearen kulturarekiko ikusnahia agertuz, kultura txikiak lagundu eta balorizatu egin nahi ditu Versant antzerki konpainiak. Horrela egin dute, esate baterako Maliko Konna herriaren eremu kulturalean. Konnako kultura aniztasuna ezagutuz, eta Euskal Herrikoa ezagutzeko Angelura gonbidatuz, Konnako herritarrei beren kultura erakusteko aukera eskaini diete eta, horrez gain, hainbat proiekturen bidez kultur zentro bat eraiki dute eta liburuak, hiztegiak... eskaini dizkiete. Elkartasuna bestearen kulturaren ezagutzatik, eta norbere kulturaren zabaltzetik. Horra hor Biarritzeko hirugarren topaketa kulturalen haritik jorratu nahi den elkartasun berria.
Contrajuego antzerki tropak, kulturen elkarbizitzaren adibide zehatza eskaini du jaialdian. Arlequin Karaibe antzerkian, lau hizkuntza nahasiz, Veneziako Arlekino klasikoaren moldaketa karibeñoa eskaini du.