«Gure kulturak jakinmina pizten duela jakitea ohore handia da»
MALIKO KONNA HERRIKO AUZAPEZA
Kampo, Maliko Konna herriko auzapeza da. Konnak, Versant antzerki konpainiaren, eta Gaël Rabas haren zuzendariaren (argazkia) laguntzarekin, harreman kultural estua jorratu du Euskal Herrian.
Nola joan da Versant antzerkiaren eta Konnako biztanleen arteko elkarlana ?
Duela bi urteko topaketa kulturaletara gonbidatuta etorri nintzen. Ordutik, Konnan bi proiektu abiarazi ditugu Versant antzerkiko lagunekin. Lehenik, Euskal Herritik ordezkaritza bat jin zen gure bost etnien arteko elkarbizitza kulturala ikustera. Gero, Euskal Herriko artista eta irakasleen eskutik, herriko umeentzat antzerki tailer bat osatu genuen. Eskualdeko ipuinetan oinarrituta, haurrak antzerkira hurbildu genituen tailer horien bidez.
Euskal Herrira bidaia hau, elkarlan horren jarraipena da, ezta ?
Bai, hori da. Aurten, Angeluko ikastetxeetan Konnako kultura erakustera etorri gara ni, irakasle bat, eta Peulh etniako bi musikari. Oso pozik gaude eskoletan izandako harrerarekin. Gure musika erakustea ohorea da, eta haurren jakinmina oso hunkigarria izan da. Angeluko Herriko Etxearekin, hitzarmena izenpetu dugu. Konnako lehen bidaiatik, erakusketa bat osatu dugu eta Herriko Etxean ikusgai dago.
Zer ekarri dizue elkarlan horrek ?
Guretzako biziki garrantzitsua izan da ekarpena. Versant taldekoak Malira etorri zirenean, gure bost etnien (Peulh, Bambara, Bozo, Tamatchek eta Songai) kulturak aurkeztu genizkien. Herrian izugarriko mugimendua eragin zuen horrek. Gure hondarea berreskuratu genuen. Gure kultura erakusteaz harro geunden. Mali osoan barreiatuta zeuden Konnarrak herrira etortzeko aitzakia ere izan zen bisita hura. Orain, Euskal Herrira etorrita, bi musikari Peulh ekarri ditugu. Lehen aldia da Malitik atera direla. Lehen aldikoz itsasoa ikusi dute, eta hori beren musikari esker. Sekulakoa da hori haientzat. Azkenik, elkartasun proiektuari esker, Angelutik hiztegiak, liburuak... ekarri ditugu. Konnan kultur etxe bat ere eraiki dugu. Angeluko Rostand eskolaren eta Konnako ikastetxearen artean ere harremanak sendotzeko xedea dago. Arras pozik gaude elkarlana dela-eta. Hurrengo urteetarako aitzina jarraitzeko asmoa dugu, eta Euskal Herritik jinen diren lagunekin Maliko dantzaren inguruan beste tailer bat egiteko xedea dugu.
E. Z.