GARA > Idatzia > Jo puntua

Imanol Unanue Gizarte ekintzailea

Erretreta

Badoa denbora aurrera, azala mehetzen aldi berean; adinak ez du barkatzen eta, nahiz eta buruan ideia asko izan, erreflexuak gutxitzen doaz. Denboraren ziztadak direla esaten dute; ez da txarra, norberak errazago egingo du bizia, uneak baditu gozatzeko.

Egia esan, aldaketak asko sumatzen dira urte batetik bestera, eta berrogei urterik gora, zer esanik ez. Norberak ez ikusi arren, hartzen dituzun mezuek argi uzten dizute ez zarela hain gaztea; gehienbat, lan bila zaudenean edo ahalegin fisikoak egiterakoan. Hori horrela da; horrexegatik, eta sari modura, bizi osoa lanean eman ondoren, erretreta izaten dugu. Ez dut aipatuko geratzen zaigun bizi kalitatea.

Gure agintari politikoen ustez, baina, ezinezkoa izango da egun dagoen modura gehiago jarraitzea. Hasi dira jendea beldurtzen eta lehenengo mezuak bota dizkigute: «honela joanez gero, gutxienez 70 urte arte lanean aritu beharko dugu», «Gizarte Segurantzan ez dago horrenbeste diru», etab. Berriro langileoi dagokigu erru osoa: ez daukagu behar den beste seme-alaba, zahartu egiten gara eta, oraindik txarragoa dena, ez garenez makinak bezalakoak, hau da, betiko irauten dutenak, arazoak sortzen dizkiegu gure enpresaburuei.

Egia esan, ez nau kezkatzen, nonbait, diru gutxi izateak, baina egin ditzagun kontuak:

-Nahiko nuke jakin zenbat irabazten duten, adibidez, Madrilgo zein Frantziako gorteetan eta senatuetan dauden politikoek, zenbatekoa izaten den beren erretretako soldata, zenbat balio duen Espainiako monarkia mantentzeak, zenbat irabazten duten enpresaburuek edo, urrunago joanda, zertarako balio duten beraien karguek.

-Gurako nuke jakin zergatik proiektu erraldoi eta inposatuetan gastatzen den horrenbeste diru, esate baterako, Abiadura Handiko Trenean edo kirol portuetan.

-Zergatik zergak ez zaizkien handitzen aberatsei eta egunean miloi asko irabazten duten banketxeei...

-Zer gertatzen den eliteko kirolariekin...

Galdera larregi daukat eta erantzunik ez, baina horri guztiari atxikita errealitate bat dago, langileoi adin batetik aurrera zaila egingo zaigula lan egitea edo lanean jarraitzea. Adinak ez du barkatzen, eta ogibide batzuetan, gainera, adinak asko markatzen ditu lan egiteko aukerak.

Badirudi beren kalkuluetan sartuta gaudela guztiok eta 70 urte bete arte lanean jarraitu ahal izango dugula. Ez dakit non dauden halako enpresak, nik dakidala, eta hemengo errealitateari lotuz, nahiz eta diru laguntzak eman, 35 urtetik gora oso zaila izaten da lana aurkitzea edo aldatzea, bizi osoa enpresa batean irautea, edo adinean aurrera egin ahala ez gaixotzea.

Berriro erru guztia langileei egotzita ziria sartu digute, baina. Beren soldatak eta bizi baldintzak ez daude kolokan. Gure erantzukizuna al da dauden irabaziak haiek berek bakarrik banatzea? Gaur egun dauden irabazietan, non geratzen dira zaharrak, beren langile izandakoak eta direnak?

Horretaz ezer gutxi esango digute, baina gaur bertan, egunkaria eskuetan, jakin dut zenbat langile hil diren lan istripuetan, zenbat irabazi duten enpresek, zenbat banketxeek, nola dauden hipotekak, eta nire etorkizuna oso beltz ikusten ari naiz.

Nahiz eta GIBarekin bizi naizela jakin, urte asko daukat aurretik. Ez nago prest, ordea, bizi osoa enpresa batean emateko, are gutxiago, nire bizitzaren onena hango hormetan galtzeko; beraz, nola edo hala saiatu beharko dut beren iritzien kontra borrokatzen.

Guztion eskubidea baita ogasuna denon artean ondo ba- natzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo