GARA > Idatzia > Gutunak

Jose Luis alvarez enparantza «txillardegi» Idazle eta hizkuntzalaria

Agur Olatz!

Azaroaren 27an telefonoz deitu zidan Olatz Altunak, eta azaroaren 30ko agerraldira gomitatu. Ibaetako kanpusean burutzekoa zen azkeneko Kale Neurketaren emaitzen bilduma. «Ordubetez» azaldu zidan, goizeko 11:00etan hasita; eta Ibaetako José Mari Korta eraikinean.

Orain dela urte asko «Bat» aldizkarian ezagutarazitako emaitzen ezagutzaile zorrotz, zer antzematen den galdetu nion. Kale erabilpena gorantz doala oraindik, bai, erantzun zidan. Baina gero eta geldoago. Gailurra iristen ari garela, baina %14,2 inguruan bakarrik. Gipuzkoan doala gora garbiki. Baina Bizkaian beheraka hasi dela. Nafarroan eta Araban eutsian ozta-ozta. Eta Iparraldean errekara bidean .

«Bat» aldizkarian geldotze kezkagarri hau aspaldidanik jakinarazi dugu, baikorkeria hutsalen aurka.

Hots, handik hiru egunera, abenduaren 1an, berria ikasi nuen: Olatz arrestatua izan zela. Bera ere 18/98 multzo madarikatuetakoa baita. Eta hasteko Soto del Realera joana zela. Gero nora? Nork jakin?

Olatzentzat 7 kartzela urte eskatuak zituen Fiskalak; baina Auzitegiak 9 ematea erabaki du. Epaiketa lotsagarri horretan ia-ia atxilotutako guztiekin egin den bezala.

18/98ko epaiturik gehienak ezagutzen ditut. Denak abertzale fin. Eta Olatz ere kasta berekoa.

Umeagandik berezita, agurtxo hau bidaltzea hutsa da, eta ez du zoritxarra konpontzen. Badakit.

Baina agurrarekin batera neure protestarik ozenena aldarrikatu nahi dut behintzat lerro xume hauen bitartez.

Ez etsi, Olatz !

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo