On Kixoteren abentura berriak Jose Pozok egindako animazio pelikulan
I. PEREZ | IRUÑEA
Miguel de Cervantesek idatzitako liburu ospetsuan oinarritutako euskarazko eta gaztelaniazko animazio film berria iritsi zen atzo Euskal Herriko hainbat zinema aretotara, «Donkey Xote» izenburupean. Jose Pozo katalanak zuzendutako lan honetan, On Kixoteren astoa, Ruzio, izango da filmeko narratzaile nagusia. Orain arte ez bezala, Ruziok On Kixote gizon argia, lehiatsua eta umoretsua zela azalduko du eta ez jendeak pentsatzen duen gizon zoroa. Baina Ruzio eta On Kixotez gainera, pelikulan eleberrian azaltzen diren pertsonaiak ere agertzen dira: hala nola, Santxo, On Kixoteren lagun eta ezkutaria, Rozinante zaldia edota Dulzinea. Honen amodioa irabaztearren, On Kixotek Ilargi Erdia duen Zaldunaren aurka borroka egin beharko du.
Diseinuari dagokionez, helburu nagusia errealitatea eta irudimenezko pertsonaiak nahastea izan da eta ondoren, pertsonaia horiek naturatik jasotako agertokietan kokatzen saiatu dira.
Duela urte batzuk, Jose Pozok «El Cid» izeneko filmaren gidoia eta zuzendaritza lanak ere bere gain hartu baitzuen.