GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautesle erroldan izena ematera deitu du Segik aldaketaren alde bozkatzeko

Martxoan egingo diren herriko etxe eta kantonamenduko bozen karietara, Segik dei egin die gazteei beren izenak erroldan dauden egiaztatzeko. «Hauteskundeak borroka eremu bihurtu» behar direla uste du.

p021_f02_148x112.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Datorren martxoan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan izango diren herriko etxe eta kantonamenduko bozetarako dei berezia egin die Segi gazte erakundeak euskal gazteei hautesle erroldan dauden egiaztata dezaten.

Erroldak urtearen amaieran ixten direnez, erreklamazioak data hori baino lehenago egin behar dira. Berez, 1997. urtetik hemezortzi urte betetzen dituzten guztiak automatikoki sartzen dituzte hautesle erroldan; baina iragan astezkenean, Baionan emandako prentsaurrekoan Segiko ordezkariek adierazi zutenez «batzuetan akatsak izaten dira, eta, horrenbestez, komenigarria da egiaztatzea boto eskubidea erabili ahal izateko».

Mezu hori ematean, eta gazteen parte hartzearen garrantzia nabarmendu aurretik, argi utzi zuten «Estatu frantsesaren hautes-sistemak izaera antidemokratikoa» duela. Baieztapen hori argudiatzeko, boz kopuruen arabera ordezkaritza banatzeko sistema azaldu eta zalantzan jarri zuten gazteek.

«Borroka eremua»

Zenbaketa sistema, gehiengoak «gutxiengoak izorratzeko tresna» dela deritzo Euskal Herriko gazte erakundeak: «Sistema honekin gehiengoa ateratzen duen zerrendak, herriko kontseiluan jarlekuen erdia baino gehiago lortzen du, eta honek gehiengo osoa ematen dio. Egiazko sistema demokratiko batek arau proportzionaletan oinarritu beharko luke, bozka kopuruen arabera hautetsia izateko».

Hala eta guztiz ere, Segik uste du «hauteskundeen eremua gazteriarentzat borroka eremu bihurtu» behar dela, herrien kudeaketaz arduratzen diren «jauntxoek, mobilizatzen diren gazteak baino, hauteskundeetan parte hartzen ez duten gazteak» nahiago dituztela konbentziturik baitaude.

Udaberriko hauteskundeetan parte hartzera dei egin zien Segik gazteei: «Alde batetik, herriko etxe eta kantonamenduko bozak gure eguneroko bizitza baldintzatzen duten heinean, oinarrizko hauteskundeak direlako. Bestetik, gure bozak aldaketak eragiteko baliagarriak izan daitezkeelako», aipatu zuten gai honen karira.

Hain zuzen ere, aldaketa ahalmen horretan oinarritu du gazte erakundeak bere deialdia: «Gazteon bozak aldaketaren boza izan behar du; gaztetxe baten aldeko boza, euskararen aldekoa, etxebizitza duin eta eskuragarri baten aldekoa, AHTren, 2x2 autobidearen edota trasgenikoen aurkako boza, autonomiaren aldekoa eta Euskal Herri independetearen aldekoa», nabarmendu zuten Baionan emandako prentsaurrekoan.

Horiek hala, heldu den udaberriko hauteskundeok «borroka eremutzat» hartuta, «herria izorratzen duten jauntxoak dauden tokietatik botatzea» duela helburu adierazi du Segik.

urte amaiera

Abenduaren 31 baino lehen egin behar dira erreklamazioak. Datorren urtean bozkatzeko eskubidea izango dutenak erroldan automatikoki sartzen badituzte ere, bertan dauden egiaztatzeko deia egin die gazteei Segik.

JAUNTXOAK BOTA

Heldu den udaberriko herriko etxe eta kantonamenduko hauteskundeetan Segiren helburua «herria izorratzen duten jauntxoak dauden tokietatik botatzea» dela nabarmendu dute gazteek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo