Xabier Izaga Irakaslea
Durango 2007
Ez dakit joango zaren/ edo zatozen bueltan/ ametsak kondenak diren/ amesgaizto honetan», dio Sustrai Kolinak Mikel Urdangarinen ahotsean, 18/98ko auzipetuak hamasei hilabete amaiezinetan bizi izan zuten egoera ezin hobeto deskribatzen duten bertsoetan. Orain, berriz, badakigu auzipetu gehienak joan direla eta ez direla berehalakoan itzuliko (okertuko ahal naiz). Egunotan ez ditugu Durangon ikusiko, ez ekimen bat aurkezten ez ekitaldi batean parte hartzen, ez liburuak saltzen, ez bisita soilean.
Durango liburu eta disko azoka baino askoz gehiago dela irakurri dut egunotan. Zentzu txarrean esateko motiborik ere bada nonbait, baina ados nago, nolanahi ere, saltoki-gune bat baino askoz gehiago dela, euskal literaturaren eta musikaren, euskal kulturaren agerpen kementsu, eta batez ere, herritarra. Topagune horretan diskoak eta liburuak ez ezik, literaturaren gaineko mahai inguruak ez ezik, aldarrikapena ere ez da faltako. Hori ere gure kulturaren parte baita. Herri guztien kulturaren funtsa inoren eskuko ez izatea da, izana desagertuz gero, kultura propioa ere desagertuko baita. Lehengoan Ondarroan, arrantzaleek alarma jo zuten, hainbat lanpostu ez ezik -eta hori ere bada biziraupen kontua, bai horretan-, herri honen kulturaren osaeran garrantzi handia duen jarduera bat ere desagertze bidean delako. Kultura liburuak eta irakaskuntzaz gain, folkloreaz gain, hizkuntzaz gain, komunitate baten bizimodua, arazoei aurre egiteko modua, ekonomia antolatzekoa, herritarren arteko harremanak, elkartasuna, eguneroko borrokari eusteko era da. Horregatik Durango, herri honen kultur agerpenik garrantzitsuenetakoa, herri irauteko gogo eta erabakitasuna ere bada. Durangoko Azokak baditu gabeziak, akatsak, hain segur, gure kulturak bezala, baina ez dugu onenak izatea aldarrikatzen, izatea baino ez dugu aldarrikatzen.
Aurten, besteak beste, Eva Forest omenduko du Azokak, argitaletxeen munduan -eta ez negozioen munduan-, elkartasun arloan eta beste hainbatetan bezala, eredu izan den emakumea. Bertan ez da gorputzez izango, baina18/98ko auzipetuak bezala gehienon gogoan izango da. Horiek guztiak gure kultura zahar eta moderno, kaskar eta bikain, arrunt eta bereziaren paregabeko ordezkariak baitira.