ONE WALL Azkotiako I. Nazioarteko Txapelketa
Hasiberriak izan arren, europarren artean onenak
Euskaldunak domina gehien lortu zituztenak izan ziren, AEBetako selekzio ahal guztidunaren atzetik
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Azkoitiko I. Nazioarteko One Wall txapelketa arrakastatsua izan zen joan den asteburuan, antolatzaileek aldez aurretik finkatu zituzten helburuak bete baitziren: pilotaren jokamolde berezi hau gure herrian ezagutaraztea eta euskal pilotariak munduko onenekin duintasun osoz lehiatzea.
Euskadiko Pilota Federazioak pozik egon beharko luke, euskaldunek zortzi domina lortu baitzituzten jokatutako zortzi mailetan. Hain zuzen ere, urrezko domina guztiak eskuratu zituzten estatubatuarren atzetik, Euskal Herriko ordezkariak onenak izan ziren.
Europarren artean denen gainetik daudela frogatu zuten, One Wall jokoaren sortzaile diren irlandarrez gain, Ingalaterrako eta Holandako pilotariak baino gehiago izan baitziren txapelketako hiru egunetan. Eta hori gutxi balitz, jokatutako finaletan Estatu Batuetako ordezkarien garaipena garesti saldu zuten. Iker Gordonen kasua izan zen hau, sopeloztarrak 18 urtez azpikoen banakako finalean maila bikaina erakutsi baitzuen Joe Priolaren aurka.
Bizkaitarra eta estatubatuarra binakako finalean lehiatu ziren berriro, emaitza berarekin: zilarrarekin konformatu behar izan zuen Gordonek, baita bere kide Unai Albaradok ere.
Nagusietan, beste final batean izan ziren euskaldunak. Egoitz Amantegik eta Iker Etxeberriak, baina, ezin izan zuten ezer egin Rookie Wrigth eta Andres Calles estatubatuarren aurka.
Emakumeak, bikain
Emakumeek erakutsitako maila ere nabarmentzekoa izan zen. Azkoitiako hitzorduaren berritasuna emakumezkoen txapelketa zen, eta euskaldunak oso txukun aritu ziren. Nagusietan, esaterako, Itxaso Praderak eta Gaxi Gallastegik finalerako txartela eskuratu zuten. Hori bai, finalean Brenda Pares eta Tracy Davis estatubatuarrak gailendu zitzazkien. Emakumezkoetan beste domina bat lortu zuten euskal ordezkariek. 18 urtez beherakoetan, Maddi Mendizabalek eta Garazi Martinezek hirugarren bukatu zuten.
Beste hiru domina bildu zituzten euskaldunek Azkoitian, brontzezkoak hauek ere: Nagusietan, banakakoan, Egoitz Amantegik; 18 urtez azpikoetan, binakakoan, Jon Arriagak eta Xabier Gabiolak; eta Nagusietan, binakakoan, Aitor Erauzkinek eta Ander Martinek.
Txapelketan dominak lortu zituzten euskal ordezkariez gain, Azkoitian honako hauek egon ziren: Iratxe Ibarra, Ane Isasmendi, Garazi Gomez de Segura, Naiara Aldasoro eta Gorka Urtasun. Euskal Herriko ordezkaritza, beraz, hamazazpi pilotarik osatu zuten
Estatu Batuek urrezko zortzi domina eskuratu zituzten, maila guztietan lehen postua eskuratu baitzuten. Era berean, zilarrezko hiru domina eta brontzeko beste bat lortu zuten. One Wall jokoan onenak direla frogatu zuten beste behin, Italian azaroan erakutsi bezala.