GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko azoka

«Merkantilismo» ereduaren aurkako azoka alternatiboan lekua dute autogestionatutako taldeek

«Merkantilismo» kutsua darion Euskal Liburu eta Disko Azokaren filosofiaren salaketa egitearekin batera, autogestioaren aldeko hautua egiten duten kolektiboei tarte bat eskaintzea. Hala laburbil liteke Sapuetxe gaztetxe durangarrak urteotan antolatu izan duen Azoka Alternatiboa. Atzo ez ezik, gaur eta bihar zabalik izango da, gaztetxearen alboko karpa xume baten babesean.

p053_f01_250x124.jpg

Izaro AULESTIARTE

Zazpi bat urte izango dira Sapuetxek Azoka Alternatiboa lehenbizikoz antolatu zuenetik. Durangora urtero sasoi honetan gerturatzen den jende uholdea ikusita, gaztetxeak berak ere kulturari ateak ireki nahi izan dizkio, baina beste modu batean, beti ere. «Alternatiba moduan sortu genuen ekimen hau. Guk uste dugu beste Azokan merkantilismoa bultzatzen dela batez ere -bertan daudenen %90 edo gehiago enpresak dira-, eta hor mugitzen den guztia salatu nahi genuen. Jende mordoa etortzen da, diru pila bat gastatzen da eta prezioak ere, han (Landakon), nahiko garestiak dira. Hemen, berriz, prezioaren kontua, adibidez, asko zaintzen dugu», azaldu digu karpa azpian standak prestatzen buru-belarri dabilen gazte batek.

Zera erantsi du gero: «Banatzaile alternatibo guztiei, erabiltzen dituzten prezioek, gutxi gorabehera, euren gastuak izan, banaketak egin eta sobratzen den diruarekin beste gauza batzuk ateratzeko balio izaten die. Frogatuta dago prezioa sei-zazpi euroan jarrita ere dirua irabazten dela beste gauza batzuk ateratzeko», laburbildu du. Horregatik, bada, ageri dira gazte hauek kritiko Euskal Liburu eta Disko Azokarekiko. «Hemen behintzat, ez dago CDrik 15 euroan, libururik ere ez 20ren truke. Autogestionatutako kolektiboen azoka da hau».

Ekimenak ibilbidea abiatu zuenetik «esperientzia apur» bat irabazten joan direla-eta, balorazio positiboa egiten dute gazteek orain artekoaz: «Hemen kontua ez da erosi, saldu eta kitto. Beste gauza batzuk bultzatzen saiatzen gara. Harremana sortzen da, adibidez, kolektiboen artean, materiala elkartrukatzen da, eta salmentei begira ere, ondo dago. Azpiegiturarena izaten da zaila, eguraldiaren arabera da-eta, eta marroi nagusia gaztetxearena izaten da azkenean. Baina, polita da, nahiko positiboa, balorazioa».

Izan ere, «lan handia» hartzen baitu Sapuetxek sasoi honetako eskaintza prestatzen; Azoka Alternatiboa ez ezik, egitarau zabala antolatu ohi dute: mahai inguruak, kontzertuak, erakusketak... «Azokan bertan parte hartzen duten kolektiboak eta banatzaileak aldatzen doaz; badaude fijo batzuk Euskal Herrikoak, nahikotxo; baina kanpotik ere etortzen zaigu orain jendea, Bartzelona edo Zaragozatik, adibidez. Nahiko irekia da zentzu horretan, jende fijo bat beti dagoelako Azoka Alternatiboan, baina gero animatzen direnak ere badaudelako. Beste ekintza batzuk ere antolatzen dira, bai, gaztetxean eta egun bakoitza, normalean, talde batentzat izaten da. AHTren aurkakoek, adibidez, kontzertua antolatu dute biharko, eta erakusketa ere izango da gai horrekin... Egun bakoitzak bere esanahia du, azken finean».

Atzo ireki zituen ateak gaztetxe ondoko karpa xume horrek, eta eguerdi partean txokoa atontzen jarraitzen zuten. Lauzpabost kolektibo edota banatzaile han zebiltzan.

MusikHerria herri diskoetxeak, esaterako, aurten ere ez du kale egin. Bost euroan salgai ditu produktu gehienak, edo salneurri horren bueltan, behinik behin: Lur Jotaren diskoa, Izeba Pilarren Ilobak, Oliba Gorriak, Kloratita, Zartako, errepresaliatu politikoen hitzekin sortutako «Elkarrekin»... Liburu bakarra dute standean, eta material horren alboan euren aukera Copyleft dela dioen orri-papera ikusiko du bisitariak. Haren bidez, Copyleft eta Copyright-aren arteko aldea zein den argitzen dute, baldintza gutxi batzuk betez gero, egile eskubideen murrizketekiko izan ditzazkeen onurak azalduta.

Bilboko DDT Gatazka-ko kideak ere urtero bertaratu ohi dira azokara, «Tupa» aldizkariaren ale berria dakarte aurtengo berritasun nagusien artean, eta «Resquicios. Revista de crítica social»-aren aleak ere erakutsi dizkigute. Antimilitarismoaren zein kapitalismoaren aurkako materiala, eta disko ugari ere badituzte, «guztiak merke-merke»: Extorsión, Karkaba, Crass, El trono de Judas...

Aldamenean, Sapuetxekoak muntatze lanetan, Laudioko Pozoin Banaketakoak, eta beste stand batean bigarren eskuko liburu andana... AHTren, SGAEren eta kapitalismoaren aurkako, edo autoorganizazioaren aldeko materialik ere bada Azoka Alternatiboan.

Fitxa

Non: Sapuetxe gaztetxearen alboko karpan.

Noiz: Gaur eta bihar.

Ordutegia: 12.00etatik 20.00ak bitarte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo