GARA > Idatzia > Ikusmira

18/98 auzia: euskal eragileen erantzuna

Atxilotua izan baino lehen Infozazpi irratian egin zioten elkarrizketan, Jose Luis Elkorok kezka azaldu zuen ezker abertzaletik at diren euskal eragileek auzipetuen atxiloketari eman dioten «erantzun apala» dela-eta. Militante abertzale historikoak espainiar Estatuak auzi honekin bilatzen duen helburuaren garrantzia aipatu zuen euskal gizartearen erantzunaren beharra nabarmentzeko. Alderdi politiko zein eragile sozial gehienek atxiloketekin ados ez daudela azaldu dute. Atzo bertan, ELA sindikatuak elkarretaratzea egin zuen Bilbon desmasia judizialak ezkutatzen dituen interes politikoak salatzeko. Norberak bere erara salaketa indartzea garrantzitsua da. Edonola ere, jazarpenaren tamaina ikusita galdera hauxe da: ez al dago arrazoi nahikorik behingoz, bakoitzaren izaera eta egiteko kulturala alde batera utzi, eta auzipetuek eskatu duten erantzun bateratua emateko? Ordubeteko lanuztea egiteko proposamena eragile sindikalekin lantzen ari zirela eraman dituzte auzipetuak kartzelara. Sobera eskatzea al da gehiengo sindikalak proposamena bereganatzea eta aitzinera ateratzeko ahalegin guztiak egitea? Askotan entzun izan dugu hau ez dela ezker abertzalearen aurkako erasoa soilik. Izan ere, hitzak baino haratago joateko garaia aspaldi iritsi da burujabetzaren alde diren guztientzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo