GARA > Idatzia > Mendia

topaketak Eskalada artifiziala

Vilanovartif 07 eutsi beharreko bidea

Azaroaren azken asteburuan, Lleidako Vilanova de Meian eskalada artifizialaren inguruko topaketak egin ziren. 73 eskalatzailek hartu zuten parte antolatutako ikastaro ezberdinetan.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

«Eskalada artifiziala ez da soilik ibilbide bateko tarte bat gainditzeko bitarteko hutsa; ez horixe. Artifiziala beste espezialitate bat da. Beste era batera igo ez daitezkeen zatiak eta egoerak gainditzeko bitarteko egokiak eskaintzen ditu. Jakina, La Rambla bidea (9a+) artifizialean igotzeak ez dauka batere zentzurik. Baina, hori bai, goi mailako kirol eskalatzaile bati aukera ematen dio behetik hasita zailtasun handiko bide bat zabaltzeko. Adibide gisa, Montserrateko Aereo paretan zabaldutako Xavi bidea (7b) dugu. Marra hau zabaldu eta prestatu zuenak behetik egin zuen, gakoak eta antzeko materialetan zintzilikatzen zen ondoren paraboltak sartzeko». Horixe da, besteak beste, Santi Llopen iritzia; hots, azaroaren amaieran egin ziren VilanovArtif 07 topaketen antolatzaileak uste duena.

Eskalada artifizialaren inguruko ekimen hori Lleidako Vilanova de Meian egin zen, eta guztira 73 zalek hartu zuten parte. Llopek Garari baieztatu dionez, iazko topaketak bezala, aurtengoak ere oso arrakastatsuak izan dira: «Uste baino eskalatzaile gehiago bertaratu zaizkigu. Erdiak Bartzelonakoak ziren (34), baina, hala ere, Estatu espainoleko beste hiri batzuetatik ere etorri ziren: Madril, Cuenca, Albacete, Girona, Tarragona, Zaragoza, Huesca, Valentzia, Alacant... Hori bai, ez dakit zergatik, baina euskal eskalatzailerik ez da izan. Joan den urtarrilean antolatu genituen `Jardunaldi teknikoak' ekitaldiarekin alderatuta, pasa den hilabetean egindako topaketek beste izaera bat izan dute. Aurrekoan eztabaida eta formazio ikastaro bat egin ziren; hauetan, aldiz, ikastaro gehiago izan dira eta, horrekin batera, ekimen ludikoak egin ditugu. Ikasleek baieztatu digutenez, oso gustura izan dira eta gehitu digute prest direla beste topaketa batzuetan parte hartzeko».

Llopek aurreratu digun bezala, topaketen ardatz nagusia ikastaroak izan dira. Horrela bada, 73 parte-hartzaileek aukera zabala izan dute. Batzuk oinarriko eskalada artifizialean jardun dira buru-belarri, beste batzuek autoerreskatea landu dute, izan dira petateak igotzeko ikastaroetan parte hartu dutenak eta baita prestatu gabeko tekniketan jardun direnak ere. Azken ikastaro hauek izan dira arrakasta gehien izan dutenak.

Laguntza beharra

Jakina, izaera honetako ekimenak aurrera atera ahal izateko, ezinbestekoa izaten da eragile ezberdinen laguntza. Joan den urtarrilekoak, adibidez, Kataluniako Mendizale Federazioaren babesa izan zuen; azarokoan, aldiz, urte amaiera zela-eta, federazioak ez omen zuen aurrekontu gehiagorik eta babes hori gabe antolatu behar izan dute.

Llopek berak gai honi garrantzia eman nahi dio: «Diru-laguntzarik edo beste era bateko babesik gabe gauza gutxi egin dezakegu. Federazioaren laguntzarik ez genuenez, mendiko denden zein material etxeen ateak jo behar izan ditugu. Bederen, material sorta ederra erdietsi genuen, eta hori guztia parte-hartzaileen artean zozketatu zein banatu genuen. Lucky-Edelrid etxeen laguntza eskertu nahi genuke, emandako laguntza oso garrantzitsua izan delako. Bestalde, pozik gara lortutako emaitzekin, batez ere ikasleak zein irakasleak (guztira 16 lagun) gogotsu irten direlako».

Eskalada artifizialak bere bidea egiten jarraitzen duela, etorkizunik baduela, antzematen da, eta topaketa hauek hala erakusten dute. Ekimen honen antolatzaileak adierazi digunez, gero eta indar handiagoa jarriko dute izaera horretako ekimenak egiteko. Baina, hori bai, gehitu digu ezinbestekoa dela erakundeen babesa: «Laguntza egoki batekin gauza eder asko egin daitezke, eta gu prest gara horiei guztiei bultzada emateko. Babes hori ez badago, orduan beste era bateko ekimenak antolatu beharko dira, askoz ere espontaneoagoak zein askeagoak. Uztailean, adibidez, horietako bat Pedrizan egin zen, eta irailean beste bat Montserraten. Etorkizunari begira, datorren Aste Santuan Riglosen edo Alacanten beste topaketa bat antola dezakegu. Jende askok eskalada artifiziala ezagutu nahi du; eta beste batzuk, berriz, motibazioz gainezka daude bai ikasteko eta baita irakasteko ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo