alpinismoA Lehenengo esperientzia
Ama Dablam Himalaian bataiatzeko
Urriaren amaieran, Himalaian egin duten lehenengo espedizioan, hiru euskal alpinistak Ama Dablam mendiaren gailurra zapaldu zuten eta, esperientziak asebeteta, inguru hartako beste mendi handiren bati aurre egiteko gogoz itzuli dira Euskal Herrira.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Espedizio honen nondik norakoak ibilbide berezia du, handik eta hemendik iritsitako mendizaleek sortu baitzuten taldea. Eta hori lortzeko egindako urratsak ez ohikoak badira ere, aurrerantzean era naturalean ikusiko ditugu. Horren guztiaren berri protagonistetako batek, Unai Zendoiak, eman digu. Villabonakoa dugu 26 urteko mendizale gaztea. Mendi garaiek duten erakargarritasunak harrapatuta, Himalaiara joateko erabakia hartu zuen. Peruko mendietan izan eta gero, kide batekin Nepalgo mendilerrora abiatzeko prest zen, baina lagunak min hartu zuen eta proiektua bertan behera geratu zen.
Hala ere, Zendoiak ez zuen etsi. Usurbilgo Oskar Porrasekin harremanetan jarri zen (biak Donostiako Club Vasco de Camping Elkartekoak dira), jakin bai baitzekien Himalaiara salto egiteko asmoa zuela. Zendoiak adierazi digunez, Porrasek Ama Dablam mendiaren (6.856 m) asmoa lotuta zuen eta haren bidez sartu zen taldean: «Orain dela pare bat urte, Bilboko Paco de Dios seimilakora joateko talde bat lortzen ari zen. Internet bidez hasi zen mugitzen eta baita hainbat lagun batu ere. Horietako bat, Porras bera. Nire lagunaren lesioa zela-eta planik ez nuen, eta usurbildarrak aipatu zidan Ama Dablamera joateko asmoa. Ez nuen zalantzarik egin eta taldean sartu nintzen. Talde nahiko berezia sortu genuen. Bost lagun guztira: Porras, de Dios, Bilboko German eta Almeriako beste mendizale bat. Porras eta biok ez genuen mendi garaietan batere eskarmenturik. Almeriakoa, adibidez, G-II mendian izandakoa zen, eta de Dios Khan Tengri-n eta Lenin-en».
Katmandura iritsi eta berehala izan zuten lehenbiziko ezustea. Eguraldi gaiztoaren ondorioz, ezin izan zuten Luklarako hegazkina hartu. Astebetez itxaron ondoren, hegazkina alde batera utzi eta bidea furgonetaz eta trekking luzeago batekin egitea erabaki zuten.
Egoera irauli egin zen
Hasierako asmoa baztertu eta, denbora asko galdu zutenez, Islan Peak-en girora egokitu ordez, zuzenean Ama Dablamen hasi ziren lanean. Harrituta zeuden, ez soilik mendiaren edertasunarekin, baizik eta baita kanpaleku nagusian eta haren inguruetan topatu zituzten ehunka trekkin zaleekin ere. Jakin bazekiten mendia goraldi «ero» baten menpe dagoela; hots, makina bat mendizalek Ama Dablam aukeratzen dutela. Baina behin mendian sartuta ez zuten ia inor ikusi. Harrigarria!
Kanpaleku nagusia altxatu eta jarraian girora egokitzen jardun ziren. Zoritxarrez, German gaixo jarri zen, biriketako edema batek harrapatu zuen eta, denborarik galdu gabe, handik atera behar izan zuten. Laukoteak seimilakoaren ohiko bidea aukeratu zuen eta, ohi den legez, bide osoa prestatuta aurkitu zuten. Villabonako mendizaleak aurreratu digunez, soka finkoz gainezka zegoen: «Han inguruan espedizio errusiar batekoak zebiltzan. Bide zail bat aukeratu zuten baina, baldintza egokietan ez zegoenez, ohiko bidean sartu eta den-dena sokaz prestatu zuten. Pena handia da, horrela bide osoa jumarren laguntzaz igotzen baituzu».
Lehenbiziko astean ez bezala, behin kanpaleku nagusira iritsi ondoren, espediziokideek egundoko zortea izan zuten eguraldiarekin: bi aste pasatu zituzten laino bat bera ere ikusi gabe. Horrek guztiak asko lagundu zien. Izan ere, mendia sei egunetan igo zuten. Gailur eguna urriaren 26a izan zen. Inork ez zuen hutsik egin eta laurek zapaldu zuten Ama Dablamen tontorra.
Dena primeran atera zitzaien eta, Zendoiak adierazi digunez, Himalaiara itzultzeko grina piztu zaio: «Oso esperientzia ederra izan da, batez ere kontutan hartuta Porrasek eta biok ez genuela mendi garaietan batere eskarmenturik. Ondo jardun naiz; ez dut arazorik izan. Horrek, jakina, mendi hauetara itzultzeko gogo handia eman dit. Ama Dablam, berez, ederra da, baina inguruan daudenak ere (Kusum Kanguru, Tamsherku...) ez zaizkio atzean gelditzen. Ziur naiz itzuliko naizela».
«Oso esperientzia ederra izan da, batez ere kontuan hartuta Porrasek eta biok ez genuela mendi garaietan batere eskarmenturik. Mendi hauetara itzultzeko gogo handia eman dit»