GARA > Idatzia > Euskal Herria

Naziotasunaren aurkako erasoak salatu ditu Bai Euskal Herriari ekimenak

Euskal Herriaren aurkako «ofentsibak» etenik ez duela salatu du Bai Euskal Herriari ekimenak; adibide gisa, ikurrinaren kontrako eta EHNA erabili nahi duten pertsonenganako erasoak aipatu ditu. Horiei aurre egiteko lanean jarraituko du, ordea. Larunbaterako EHNA Erabili Eguna antolatu du.

p023_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Bai Euskal Herriari ekimeneko kideek azken boladan euskal naziotasunaren aurka Gobernu espainolak abian jarritako «ofentsiba» salatu zuten atzo. «Uka- zio eta eskubide urraketari dagokionez, jauzi kualitatiboak izan dira azken hilabeteetan, eta horren lekuko gara Euskal Herriko gizon eta emakumeak».

Bide horretan, Lizartzako egoera salatu, eta gipuzkoar herria «espainoltasunaren borroka sinbolo» bilakatu dutela adierazi zuten. «Lizartzako herritarren hitza eta erabakia bahituta egon da azken bost urte hauetan. Herritarrek hautesmahaietan harturiko erabakiak zapaldu, eta hainbat alderdik sinbolo gisa darabilte herria, beraien ideologia eta ofentsiba irudikatzeko sinbolo, hain zuzen», azaldu zuten. Horregatik, Lizartzako herritarrek eskatu bezala, udaletxean ikurrinak egon behar duela aldarrikatu zuten.

Alde horretatik, Donostiako eta Bilboko alkateen aurka egunero bandera espainola ez jartzeagatik jarritako salaketak gaitzetsi egin zituzten, eta kasuak artxibatzeko hartutako erabakiaren aurrean poza agertu zuten. Hala ere, gogora ekarri zuten bi hiriburuotako alkateek (PSEko Odon Elorzak eta EAJko Iñaki Azkunak, hurrenez hurren) jaietan ikur espainolak zintzilikatzen dituztela, eta herritarrengan «ezinegona eta desadostasuna» eragiten dutela modu horretan. Horregatik, deia egin zieten biei jaietan ere ikurrina bakarrik jar dezaten. Oro har, ikurrinaren aurkako erasoak Euskal Herriko lurralde orotan egiten direla nabarmendu zuten.

Bai Euskal Herriari-ren aburuz, garaia da salaketa burugabeak amaitzeko, bai eta «salaketen aurrean nork bere burua justifikatu nahi izatetik, Euskal Herriaren ikur nazionala defendatzera pasatzeko». Herri ekimenak horretan lan egiteko asmoa berretsi zuen, eta Euskal Herriko eragileak bide berean jardutera deitu zituen.

EHNA erabili nahi duten pertsonen aurkako erasoak ere aipatu zituzten. Salatu egin zuten, esate baterako, EuskoTren garraio enpresak euskal herritarrak diskriminatzen jarraitzen duela, nahiz eta enpresa horretako langileen ordezkari guztiek babestu zuten 2006ko maiatzean edozein euskal herritarrek duten eskubidea EHNA erabiliz bidaia abonamendua eskuratzeko. «Egun ere, Gasteizko Gobernuaren ordezkari eta EuskoTreneko Administrazio kontseilari Julian Eraso Arrietak euskal herritarrak diskriminatzen jarraitzen du». EHNAren erabilerari dagokionez, MediaMarktek, FNACek eta Ikeak duten jarrera ere gogor salatu zuten.

EHNA Erabili Eguna

Eraso hauen guztien aurrean, datorren larunbaterako deitu dute urtero egin ohi den EHNA Erabili Eguna. «Gure nortasuna eta identitatea defendatzeko eguna eta Euskal Herriaren nazio izatea aldarrikatzeko eguna izatea nahi dugu», azaldu zuten Bai Euskal Herriari-ko kideek.

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleei egindako deialdi bera egin zieten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei ere. Gaur izango dira NUPeko hauteskundeak, eta boza ematean EHNA erabiltzeko deia egin zieten ikasleei.

Kirol arlotik etorritako ekimenak txalotu dituzte

Bai Euskal Herriari ekimenak Euskadiko Futbol Federazioak, jokalarien eskaerei erantzunez, Euskadiko selekzioa deitu dena Euskal Herriko selekzioa izena izatera pasa izana begi onez ikusi du. «Aurrera pauso garrantzitsua da Euskadiko Federazioak eman duena, ez bere horretan izenak duen esanahiagatik soilik, baizik eta aurrera begira eman beharreko pauso berriak ikustarazten dituelako», jakinarazi zuten. «Egun -jarraitu zuten- Euskadiko Federazioak bere baitan hiru lurralde besterik hartzen ez baditu ere, pauso honekin garbi ikustarazten du zein gabezi ditugun kirol esparruan ere».

Horregatik ESAITek, «Euskal Herria, nazio bat selekzio bat» leloarekin abenduaren 29an, Euskal Herria-Katalunia futbol selekzioen arteko partidaren egunean, antolatu duen egun osorako jaiarekin eta manifestazioarekin bete-betean asmatu duela uste dute, «Euskal Herriko selekzioa aldarritzerik ez baitago, Euskal Herriaren nazio izatea oinarri hartu gabe». Zehazki norabide horretan pausoak eman behar direla uste duelako, Bai Euskal Herriari ekimenak, ESAITekin batera, herriz herri lanean dihardu manifestaziorako deia zabaltzeko. Atzoko agerraldian ere horretarako tartea hartu eta euskal gizarteari abenduaren 29an Bilbora bertaratzeko gonbita egin zion.

Ez zuten ahaztu nahi izan bezperan hainbat kirolarik eginiko agerraldi «historikoa» ere: «Norbanako gisa, nazio bat ordezkatzeko eta nazio gisa ordezkatua izateko borondatea eta beharra mahairatu zituzten». M. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo