GARA > Idatzia > Futbola

Kopa

Valentziaren une larriaz baliatu nahi du Real Unionek

Gipuzkoarrek ez dute galtzeko ezer, eta lasaitasun horrekin aterako dira zelaira. Koemanek zuzentzen duen taldeari, berriz, irabazteak bakarrik balio dio.

 

REAL UNION-VALENTZIA

Jon LEUNDA | IRUN

Real Unionek Valentziaren une kaskarraz baliatu nahi du gaur Gal estadioan emaitza ona lortu ahal izateko. Gipuzkoarrak sasoian helduko dira partidara, Valentziarrak, aldiz, istilu ugari dituztela. Quique Sanchez Floresek hasi zen zuzendari lanetan, baina emaitza txarrak zirela-eta, bidali egin zuten; orain Koeman ari da bere lekuan. Honekin, ordea, egoerak hobera egin beharrean okerrera egin du, eta horrez gain ezin da esan jokalarien arteko harremanak ere onak direnik.

Herbehereetako entrenatzaileak atzo bertan iragarri zuen Albeldarekin eta Cañizaresekin ez zuela gehiago kontatuko denboraldi honetan, eta harrigarria ere egin da, biak baitira talde horretako ikurrak. Atezaina, gainera, taldeko onenetakoa bihurtu da azkenaldian, eta bere ordezkoa ere, min hartuta dago.

Horiez gain, baja asko ditu taldean; azkena Fernando Morientes izan da. Arazo horiek guztiak saihesteko garaipenak behar rezkoak izaten dira, eta gaur Irunera asmo horrekin helduko dira. Izan ere, gaur Galen beste behin galduko balute, egoera jasangaitza bihurtuko litzateke, eta Real Unionek badaki hori. Jokalari kanpotarrek ekarriko duten presioaz baliatu nahi dute emaitza ona eskuratzeko.

Izan ere, irundarrek ez dute inongo presiorik. Honelako partidak gozatzeko dira, galtzeko ezer ere ez, eta irabazteko asko izaten baita.

Jokalaririk gehienak ere jokatzeko moduan ditu, hiru baja besterik ez baititu; hiruretan garrantzitsuena Gomesena da, baionarra ez da gaurko partidarako osatu. Zarzuelok eta Caracedok ere joan den larunbatean min hartu zuten, eta ez dira gaur jokatzeko moduan egongo. Zarzueloren arazoa penagarria izan da, izan ere, zortzi hilabetetan jokatu ezinik egon ostean, larunbatean agertu zen, baina ez zuen partida amaitzerik lortu, berriro ere min hartu baitzuen. Carracedo ere azkeneko partidetan hamaikakoan aritu da, baina Valladoliden aurka kolpatuta amaitu zuen, eta gaur ez dago hamaikakoan izateko moduan.

Itzulerako partida urtarrilaren 2an jokatuko da Valentzian, eta irundarrek emaitza ona lortuta joan nahi dute.

 
Omenaldia

Real Unionek omenaldia eskainiko dio partida hasi aurretik Manuel Rocandiori. Taldeko delegatua izan da urte askotan eta aurten lan hori utzi egin du; gaur bere betiko klubak egindako lana eskertu nahi dio.

sarrerak badaude Gal estadioko harmailek itxura bikaina izango dute gaur, halere oraindik sarrerak geratzen dira. Klubeko bulegoetan salgai jarriko dira 10.00etan; estadioko lehiatiletan, berriz,16.00etatik 19.00etara izango dira salgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo