GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskolak Euskaldundu herri ekimenak hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna eskatu du

p024_f03_088x072.jpg

GARA |

Eskolak Euskaldundu herri ekimenak elkarretaratzea egin zuen atzo iluntzean Gasteizen, erakunde publikoetan euskararen inguruan egiten ari den «iruzurra» salatzeko, eta Perez-Nievas, Tontxu Campos eta Max Brissoni «hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna» eskatzeko.

Ekimenak salatu zuenez, Nafarroako eta EAEko gobernuek, Euskararen Erakunde Publikoak eta gobernu frantsesak eta espainolak Euskal Herrian ezarri dituzten politikek «ez dute lortzen ikasle guztiak euskalduntzerik»; are gehiago, Euskararen Foru Legeak eta Euskararen Normalizazio Legeak (21 eta 25 urte hurrenez hurren) «erabateko porrota izan dute», gaineratu zuten.

Herri Ekimenak esandakoaren arabera, porrotaren adierazle dira, euskararen egoerari buruz azken egunotan plazaratu diren inkesten datuak. Batetik, euskararen kale erabileraren neurketa, eta bestetik, PISA azterketa aipatu zituzten.

Txosten horiek agerian utzi duten errealitatearen aurrean, «ez dago ostrukarena egiterik», esan zuen Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak: «Herritarrok behin eta berriz azaldu dugu gure herriko hizkuntza berreskuratu nahi dugula». Horren erakusle aipatu zuen, eskolak Euskal Herriko ikasle guztiak euskalduntzea eskubidea dela, eta instituzioek bermatu egin behar dutela eskatzen duen agiria 107.768 herritarrek sinatu izana. Errealitate horri erreparatuz, «behar ditugun aldaketa sakonak» egin beharrean, instituzioek egiten dituzten proposamen berriak «erreforma hutsean» gera daitezkeela salatu zuen ekimenak, eta erakunde publiko desberdinetan aritzen diren arduradunei «hezkuntzarako ganorazko hizkuntza politika» eskatu zioten.

Eredu bakarra

«Hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna» behar dela esan, eta bete beharreko gutxienekoak gogora ekarri zituen. Besteren artean: irakasle eta hezkuntzako langileak euskaldunak izateko neurriak ezartzea; sistemaren ebaluaketa iraunkorr; Euskal Curriculuma aplikatzea eta irakasle eskoletatik erdal adarra kentzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo