Kontseiluaren urteurrena
Hamar urtez euskarari bai eta bai
Euskararen normalizazioa. Horixe da Kontseiluaren egitekoa, eta ez da egiteko makala. Hamar urteko eskarmentua du jada, eta makina bat tresna sortu izanaren trebakuntza. Aurrera begira ere, hamaika izango ditu egitekoak, baina gogor eutsiko dio, Euskaraz Bai errealitate bilakatu arte.
Oihana LLORENTE
Desagertzeko bokazioz sortu bazen ere, ibiliaren ibiliaz hamar urte bete berri ditu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Desagertzeko bokazioz diogu bai, Londresen ingelesaren normalizazioa galdegitea, edota Madrilen gaztelerarena aldarrikatzea ulergaitza den gisa, Euskal Herrian ere hala beharko luke. Tamalez, ez da horrela.
Ibilbide luze eta oparoa izan du Kontseiluak eta urte hauetan guztietan ereindako lanak fruitu ugariak eman ditu. Zoritxarrez, ordea, euskararentzat erakunde hau premia-premiazkoa da.
Egunotan hamar urteak ospatzeko lanetan erabat mugilduta dago Kontseilua, baina aurrera begira, «Bai euskarari»tik «Bai euskaraz»era salto egitera eraman nahi du euskal jendartea. Gu, jauzi honen nondik norako eta zergatiak ulertzeko, atzera begira jarri gara, eta horretarako, 1995. urtean eginen dugu lehenengo geldialdia .
Urte horretan eman zituen Kontseiluak lehen urratsak, Egunkaria Sortzen elkartearen bileretan, hain zuzen ere. Bertan, euskararen egoeraz kezkaturik, gogoetak egiteko, eta iritziak trukatzeko baliagarria izan zitekeen foro edo topagune baten beharra agertu zen. Bilkura eta mintegi ugariren ostean, erabakia argia zen: euskalgintzaren inda-rrak kohesionatu, eta euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa eragitea ezinbestekoa zen.
1995. urtea atzean utzi, eta euskalgintzako hainbat lagun asmo horri forma ematen aritu ziren gau eta egun. Horren erakusle finena, 1997ko martxoan «Euskararen Unibertsoa» lelopean Donostian egin ziren jardunaldiak izan ziren. Euskararen geroa hizpide izan zuten han bildutako 400 eragileek, eta jardunaldia bukatzerako, bazen enkargu garrantzitsu bezain berezi bat: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortzeko agindua.
Bederatzi hilabete nahikoak izan ziren amets izandakoa egia bilkatazeko, eta 1997ko abenduaren 6an, Durangoko Historia Museoan, Kontseiluak argia ikusi zuen.
Gizarte erakundeen bilgunea
Euskarak garapen osoa izatea helburu duten gizarte erakundeen bilgune gisa jaio zen; hamaika jatorri, iritzi eta lan eremutako eragileak biltzeko xedez. Gainera, bere indarra, horretan datzala ziur dira Kontseiluko kideak. Haien aburuz, euskararen normalizaziorako beharrezko lankidetza bere baitan duen batasun horretatik zabaltzen baitio gizarteari.
Hasiera guztiak bezalaxe, Kontseiluarena ere ez zen samurra izan. Hiru langilerekin hasi zuen ibilbidea, apenas aurrekonturik gabe, baina kemena eta adorea une oro izan ditu bidelagun, eta euskalgintzaren muina eratzeraino iritsi da.
Euskararen normalizazio prozesua areagotzea da Kontseiluaren eginkizuna, eta lan horretan bi jardunbide nagusi ditu: euskalgintzako erakundeen artean kohesioa bultzatzea eta indarrak artikulatzea, batetik, eta gizarte eragileak, indar ekonomikoak eta alderdi politikoak hizkuntz normalizazio proiektuetan inplikaraztea, bestetik.
Euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiteko ikuspegian ugariak izan dira egindako hausnarketak, lanak eta protestak. Goazen bada, denboran atzera egitera eta hamar urteko ibilbide horretako oroitzapenak freskatzera.
Lehenengo geltokia: Bai Euskarari kanpaina. Nork ez du gogoan euskararen alde egindako ekimen handi hura?
Euskarari baietz ozen eta argi esan zioten 123.000 herritarrek 1998ko abenduaren 26 hartan, inoiz euskararen alde egindako ekimenik handienean. Euskal Herriko bost estadio nagusiak (Bilboko San Mames, Donostiako Anoeta, Gasteizko Mendizorrotza, Iruñeko Sadar eta Angeluko estadioa) izan zituen agertoki eta euskararen aldeko irudi esanguratsuena bilakatu zen ekimen hura.
Urtebete baino ez zuen Kontseiluak, eta milaka eta milaka lagunen babesa jaso zuen; hala bere jarduna Euskal Herri osoan ezagutzera eman zuen.
Estadioetan egindako ekimenak esangura berezia lortu bazuen ere, ez da izan Kontseiluak bere 10 urteko ibilbidean euskararen normalizazioaren alde egin duen ekimen bakarra, ezta gutxiago ere.
Euskal Herriko hamar alderdi politikoen babesa jaso zuen jaio eta berehala; Euskararen Normalizaziorako Konpromiso Politikoa agiria izenpetu zuten. 1999. urtean Lanordu bat euskararen alde kanpaina abiatu eta milaka herritarrek euskararen alde lanordu bat eman zuten.
Bai Euskarari akordioa, Ziurtagiria...
Atzera begira jarrita, Bai Euskarari akordioa ahantzi ezin dugun elementua dugu. Akordio hau Kontseiluaren ekimenez hasitako konpromiso prozesu osoaren abiapuntua izan da. Bertara bildutako gizarte eragileek euskararen etorkizuna ziurtatzeko borondatea azaldu eta euskarak garapen osoa izan dezan abiatutako prozesuan parte hartzeko hitza eman zuten.
1998ko abenduan egin zen lehenengo sinatze ekitaldia, Iruñean, eta 22 gizarte eragile izan ziren izenpetze horretan aitzindari, eta Akordioaren eta konpromiso prozesuaren sustatzaile izateko prestutasuna adierazi zuten. Gerora etorri ziren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako sinatze ekitaldiak, Euskal Konfederazioarekin batera bideraturako lanean. 2000ko otsailerako 900 baino gehiago ziren Bai Euskarari akordioa izenpetu zuten eragileak.
Eragile andanaren babesa jaso ostean, Bai Euskarari akordioaren Plan Estrategikoari ekiteko lanean murgildu zen Kontseilua. Euskararen normalizazioa euskal hiztunen arazoa soilik ez dela ulertuta, gizarte osoa euskararen aldeko neurriak hartzera eramango zuen prozesua izan zen honakoa.
Hogeita hiru sektoretan banatuta, akordioa sinatu zuten eragileak izan ziren Plan Estrategikoa gauzatu zutenak. Ondoren, eragile bakoitzak, bere egoeraren eta baliabideen arabera, gomendatutako neurrietatik zeintzuk aplikatuko zituen erabaki eta horiek betetzeko konpromisoak hartu zituen.
Kontseiluak ordea, prozesu horren jarraipena eta ebaluazioa egiteari ekin zion, horretarako Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zuen. Euskararen normalizazioaren aldeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen du ziurtagiri horrek. Jasotzen dutenei egindako ahalegina aitortzen die, eta aldi berean konpromiso hori jende aurrean erakusteko bereizgarria ematen die. Lan-mundua euskalduntzeko tresna hau dagoeneko 1.500 enpresatara iritsi da.
Enpresa, saltoki eta entitateez haratago, herrietan ere, Bai Euskarari Akordioak izan du isla. Tokian tokiko euskalgintza zein gizarte eragileekin eta udalekin batera herri mailako konpromiso prozesuak abiarazi ditu. Horren lekuko da, Tafallan, Amurrion, Uztaritzen, Basaurin edota Donostian egindako lana. Poliki-poliki, eta urteen poderioz, Euskal Herriko lurralde guztietako 120 herritara hedatu da Bai Euskarari Akordioa.
Euskalgintzaren Plan Estrategikoa ere hamar urteotako ibilbildean aintzat hartzeko afera ere bada. Euskararen gizarte erakundeek elkarrekin egiten duten hausnarketa prozesua da, eta helburua normalizazio prozesua azkartzeko dauden erronka nagusiak identifikatzea eta horiei aurre egiteko neurriak abian jartzea da.
Hamar urte eta gero, ez du etsiko
Hamar urte joan dira euskararen normalizazioan. Kontseiluak egin duen lana ez da makala eta erreportaje honetan egindako lanaren zertzelada batzuk besterik ez dira bildu. Euskarak ordea, ez du oraindik nahikoa.
1998ko abenduaren 26 hartan, milaka eta milaka herritarren aldarriak bost estadioetako mugak gainditu, eta Euskal Herrian osora zabaldu zen. Baita aldarri horri doinua jarri zion abestia ere: «Behin betiko, behin betiko, sinple bezain tinko, ez dugu etsiko!! Behin betiko, behin betiko, sinple bezain tinko, Euskaraz eta kitto!!».
Gaur, hainbat urteren buruan, aldarrikapen horrek zoritxarrez ez du gaurkotasunik galdu; garai hartan Kontseiluak martxan jarri nahi zuen legea, Euskaraz Euskal Herrian, oraindik ere ez baita errealitate bilakatu. Lan izugarria dago oraindik egiteko baina Kontseiluak ez du etsiko.
Egunotan hamargarren urteurrenaren ospakizunetan murgilduta dago erabat, baina zereginak ez ditu bazterrean utziko eta jauzi bat emateko prest da. Bai Euskarari-k adierazten duen euskararekiko atxikimendua eta aldekotasuna bidelagun, euskal jendartea Euskaraz Bai ozen esatera eraman nahi du. Sinple bezain tinko.
Hamar urte hauetan aurrerapauso handiak eman arren, euskararen aurkako eraso ugari ere izan da. Kontseiluak bi ditu bereziki gogoan: «`Egunkaria»ren itxiera eta Martin Ugalde Kultur Parkearen kontrako operazioa.
1995. urtea
Egunkaria Sortzen elkarteak egindako bileran eman zituzten lehen urratsak. Euskararen egoeraz kezkaturik, foro berriak sortzeko beharra aipatu zuten.
1997ko abenduaren 6a
Durangoko Historia Museoan sortu zen Kontseilua. Geroztik, handitu egin da apurka-apurka.
1998ko abenduaren 23a
22 gizarte eragilek Bai Euskarari Akordioaren lehenengo sinatze ekitaldia egin zuten Iruñean Unesco lekuko zela. Hilabete batzuk geroago etorri zen sinatze zabalagoa.
1998ko abenduaren26a
Bai Euskarari kanpainak amaiera aparta izan zuen. Euskal Herriko bost kirol estadio jendez mukuru Bilbon, Iruñean, Donostian, Biarritzen eta Gasteizen. 120.000 lagun baino gehiago bildu ziren.
1999ko maiatzaren 18a
Bai Euskarari Akordioaren bigarren sinatzea egin zen Hego Euskal Herrian. Hasierako sinatzaileek gonbidatuta, 687 sinatzaile izan ziren lau hiriburuetan.
2000ko otsailaren 25a
212 lagun izan ziren Ipar Euskal Herriko akordioaren bigarren sinatzean. Maiatzetik aurrera hamar lan taldetan egin zuten hausnarketa prozesua.
2000ko ekainaren 13a
Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zen, erakundeek euskararen normalizazioaren aldeko neurriak garatzen dituztela ziurtatzeko. Donostiako Miramon Teknologia Elkartegian banatu zen lehenbiziko aldiz, eta 426 erakundek eskuratu zuten.
2001eko ekainaren 21a
Hizkuntz Eskubideen Behatokia jarri zuen abian Kontseiluak eskubide horien aldeko dinamikari tresna berariazko bat emateko.
2004ko azaroaren 9a
Hamaika alderdi politiko eta sindikaturekin batera, Kontseiluak euskararen aldeko akordio sozio-politikoa sinatu zuen.
Bai Euskarari Ziurtagiria, euskararen normalizazioaren aldeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen duen agiria, Euskal Herriko 1.500 lantokitara iritsi da. Helburua ahalegina aitortu eta konpromiso hori jendaurrean erakustea da.
Euskal Herriko mugetatik kanpo ere, izan du esatekorik Kontseiluak. Europako Parlamentuko Hizkuntza Gutxituen eta Erregionalen Taldean, Nazio Batuko Giza Eskubideen Batzordean eta Bruselan izan da hizkuntza gutxituen alde.
Bai Euskarari Akordioa herrietara ere hedatu da, herrietako gizarte zein euskalgintzako eragile eta udalekin batera, euskararen normalizazioaren bidean herri mailako urratsak emateko. Jada lurralde osoko 121 herritan da abian.
Hizkuntz Eskubideen Behatokia, 2001. urtean Kontseiluak sustatu eta bideratutako fundazioa da, euskararen egoeraren diagnosi objektiboa egingo zuen erakunde independiente baten beharrari erantzuna eman nahian sortutakoa.
Euskal herritarren hizkuntz eskubideak dira Behatokiaren jomuga, eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein pribatuan, babestera zuzentzen du bere jarduna. Horiek horrela, hizkuntz eskubideak babestu eta defendatu ez ezik, urratzen direnean ere, salaketa lana egiten du Behatokiak.
Bestalde, Euskararen Telefonoa ere badugu, (902 194 332). Behatokiaren zerbitzu honek hizkuntz eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna izan nahi du, eta bertan elkarteek zein norbanakoek pairatutako hizkuntz eskubide urraketak jasotzen dira; urte amaieran, datu horiekin, diagnostiakoa gauzatzen da. O. L.
Sortu zenetik gaur arte emandako urratsak gogoratu eta ospatzeko ekitaldia izango da gaur, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, ``Kontseiluak 10 urte'' ikus-entzunezkoaren aurkezpena izango da lehendabizi, bertan azken urteotan emandako aurrerapausoak eta bidelagun izandako hainbat pertsona esanguratsuren iritziak agertzen dira.
Ekitaldiko unerik garrantzitsuena, ordea, horren ostean iritsiko da, ``Euskaraz Bai'' adierazpena irakurtzen dutenean hain zuzen. Kontseilua osatzen duten 46 elkarteetako ordezkariek joan den larunbatean egin zuten batzar berezian osatutako dokumentu honek gaur ikusiko du argia. Bertan, euskararen egoeraren azterketa eta etorkizunean izango diren erronkak azalduko dira, eta Kontseiluko idazkari Xabier Mendigurenek adierazi bezala, helburu jakin eta zabal bat du: «Euskararen normalizazioaren ahaleginean batera jarduteko gonbitea luzatzea».
O. L.
Abenduaren 6an sortu zen Eus-kararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Durangoko Historia Museoan, hain zuzen ere. Geroztik, apurka-apurka, Kontseilua handituz eta hamaika bitarteko sortuz joan da.