GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kontseiluaren urteurrena

«Konpromiso handiago batek definituko du datorren zikloa»

p006_f05_111x111.jpg

Xabier MENDiGUREN
Kontseiluko idazkari nagusia

Hamargarren urteurrena betetzear izanik, lanez gainezka aurkitu dugu Kontseiluko idazkari nagusia. Alta, agendan tarte bat hartu eta GARArekin hitz egin du, hamar urteko ibilbidea freskatu eta aurrera begirako proiektuak partekatzeko. Mendigurenek argi dauka euskarak atxikimenduekin eta aldeko jarrerekin ez duela nahikoa, eta konpromiso handiagoa eskatu du.

Zer-nolako bilakaera izan du Kontseiluak hamar urte hauetan ?

Bilakaera aztertzeko atzera begira jarri eta gure hastapenak izan behar ditugu gogoan. Orain hamar urte, 3 langilerekin hasi ginen, eta gaur egun 30 pertsona ari dira lanean hainbat proiektutan. Horrekin batera aurrekontua ere neurri berean hazi dela nabarmendu behar dugu, Euskal Herriko enpresek sostengu paregabea eskaini digutelako izan da hori, besteak beste.

Ibilbide honetan gainera, tresna ugari sortu dituzue. Zeintzuk dira zure ustez esanguratsuenak?

Asko izan dira egindako lanak, baina guk horietako bat nabarmendu nahiko genuke: Bai Euskarari Ziurtagiria. Lan mundua euskalduntzeko tresna eraginkorra da eta dagoeneko 1.500 enpresatara iritsi da. Denboran aurrera egin ahala egokitzen joan den tresna da ziurtagiria eta aurten Ziurtagiriaren Elkartea bera sortu dugu, autonomiarako urratsak emanez eta egun bere buruaren jabe eginez.

Horrez gain, Bai Euskarari Akordioa Herrietan proiektua daukagu, egun 120 herritara hedatu dena; Norbanakoen konpromisoak deitzen duguna, 500 pertsonek baino gehiagok osatzen dutena. Bestalde, ildo politiko-instituzionaleko sorrera eta honek emandako fruituak ditugu: Akordio Soziopolitikoa, hizkuntza politikaren ardatzak, hizkuntza politika egokia izan dadin gure iritziz bete beharreko hamar neurriak biltzen dituen dokumentua edota udalerrien hizkuntza politikaren neurketa egin dugu aurten 66 herritan.... Euskara eta immigrazioaren arteko harremanak ere landu ditugu. Hor kokatzen dugu Hezkuntza Sailarekin dugun hitzarmena edota Aniztasunean lelopean egindako jardunaldiak... Ikusten denez asko eta asko izan dira aurrera eramandako lanak.

Lan handia egin duzue euskararen normalizazioaren bidean, baina zer- nolako erreferentzia eskuratu duzue?

Egun euskararen inguruko gai guztiei buruzko iritzia eskatzen zaio Kontseiluari, eta hori errealitate kontsolidatua dela adierazten du. Aurrera begiratzen duen eta oinarri sendoak dituen errealitatea. Euskararen normalizazioa ez litzateke ulertuko Kontseiluaren eskutik sortutako proiekturik gabe, Behatokia, Bai Euskarari Ziurtagiria... ezinbesteko tresnak dira, asmatu ez bagenitu beharko genituzkeen horietakoak. Beraz, bilakaera arrakastatsua izan du Kontseiluak. Gaur egun 46 elkartek osatzen dute Kontseilua, guztien arteko kohesioa bilatzen eta iritziak biltzen ditugu. Gainera, sektoreka ere lan egiten dugu, bai lan munduan, bai hezkuntzan...

Zeintzuk dira etorkizunean Kontseiluak dituen erronkak?

«Bai euskarari» zikloa amaitu eta «Euskaraz Bai» zikloa hasi nahi dugu. Leloa aldatu nahi dugu, baina baita egoera ere. Hamar urteren ostean, guk ez diogu uko egiten Bai Euskarari leloari, egun euskarak oraindik ere jende askoren atxikimendua behar baitu. Dena dela, jauzi kualitatibo bat ematea ezinbestekoa da, euskarak ez baitu aski atxikimenduekin eta aldekotasunekin. Euskarak jendeak ikastea eta erabiltzea behar du eta hori irudikatzeko aldatu dugu leloa.

Eztabaida prozesu bati hasiera eman diogu hurrengo zikloaren ezaugarriak definitzeko eta eragiten segitzeko zer tresna berri sortu behar dugun zehazteko. Edozein kasutan garbi ikusten dugu, mezuak dioen bezala, euskararen aldeko konpromiso maila handiago batek definitu behar duela hurrengo zikloa.

Orain arte indarrean izan ditugun politikek, tresna juridiko-administratiboek eta herritarron portaerek ere ez diote mende laurden oso batez euskarari etorkizuna ziurtatu, beraz hizkuntza-politikak hobetu behar dira, tresna juridiko-administratiboak gaurkotu behar dira eta guk, herritarrok, portaerak aldatu behar ditugu. Hizkuntza baten normalizazioan denbora faktoreak ere garrantzi handia du eta gaur egungo erritmoarekin ez dugu helburua lortuko.

Arrazoizko epe batzuk ezarri eta lortu behar dira, zerbait gehiago egiten ari garela esatea ez da nahikoa, tranpa bilakatu daiteke hori. Epeak eta helburuak markatu behar dira; eta hori betetzen dela ziurtatu. Epe luzean, beraz, eraginkortasuna handitzeari begirako proposamenak egingo ditugu eta herritarren jokaeretan eragiteko asmoz ere hainbat ekarpen egingo ditugu.

O. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo