Sonia Gonzalez Idazlea
Bat bera ere ez
Murillok ondo pentsatu eta, sententzia hain denez luzea, erabaki du hobe dela, gauden aro digitalean egonda, formatu informatikoan helaraztea reoei. Ze ederto ezagutzen duten eurek aplikatzen duten «sistema penitentziarioa»... formatu informatikoan!Bat bera ere ez da kanpoan geldituko. Besteak dauden lekuan amaituko dute denek. Geratzen zaien bide bakarra errendizioa da. Bermejok dixit.
Estatu espainiarreko Justizia ministroaren hitz horiek gerra deklarazio zuzena eta osoa ez badira, ez dakit nik zer izango den. Baina Pernando Barrenak arinago esan zuenez, berdin da zenbat bozeramaile atxilotzen dituzten, badira kalean beste 200.000 gehiago. Eta benetan kartzela handia behar izango dute horiek guztiak barruan gordetzeko. Eta kartzela barruan ere, lanean eta borrokan jarraituko dugu, edozeinek pentsa lezakeen moduan, beharbada burutik lar sano ez gabiltzalako.
Berdinetan gaude, ea nork ahal duen gehiago, ea nork jasan ahal duen gehiago, ea nor den azkenean irabazle. Eskema horietan mugitzea atsegin ei dute, baina ikusteko dago ildo horretatik benetan ezer lortuko dutenik. Bide horrek ez dauka irtenbiderik eta hori ezker abertzaleak eta jendarte osoak aspaldi-aspalditik daki. Eurek ere bai.
18/98 makrosumarioko sententzia eman dute dagoeneko. Ezin dut esan denok itxaroten genuen sententzia denik, itxaroten genuena baino askoz txarragoa izan da azkenean. Izan ere, erabaki politikoei erantzuteaz gain, mendeku pertsonal kutsua ere igartzen baitzaio. Murillo «andrea» eta beste mariatxiak imajinatzen ditut, epaiketak iraun zuen bitartean, behin etxeratuta, ezin ulerturik eta guztiz amorratuta fiskaltzak eskatzen zituen zigorren aurrean, eta pairatzen ari ziren urteetako sufrikarioaren ostean, euskaldun horiek guztiek zutik eta tinko jarraitzea, Casa de Campo barruan, etsituta barik, salatzen eta borrokatzen. Azken egunerarte, zutunik eta denak batera «Eusko Gudariak» kantatzen. Bai, mendeku pertsonalaren hats handia hartzen zaio zigorren puztutze horri.
Batzuek gatazka konpontzeko prozesua dinamitatzeari ekin zioten buru-belarri, bakerantz hurbilduko gintuen edozein eskailera maila euren poltronatik aldenduko zituen pausoa izango litzatekeela jakinda. Beste batzuek, gauzak apur bat okertzen hasi zirenean, alde batera egin, eta ea zer gertatzen zen begiratzera mugatu ziren; orain distantzia bera uzten ahalegintzen dira, «muecaporlapaz»en sasoirik onenetan legez.
Eta, bapatean, denek egin dute bat, korrikan prentsaurrekoan agertzeko: o, zelako gaiztoak diren, o zelako gaiztakeriak egiten dituzten espainolek... baina, bien bitartean, ea bat bera ere ez den kanpoan gelditzen.
Murillo «handiak» ondo pentsatu eta, super-sententzia hain denez luzea, erabaki du hobe dela, gauden aro digitalean egonda, formato informatikoan helaraztea reoei. Epaile hauek ze ederto ezagutzen duten eurek aplikatzen duten «sistema penitentziarioa»... formatu informatikoan!
Gauzak horrela, Urkulluk ezker abertzalearekin hitz egiteko makoz makoko bira egin arte itxaron beharko dute sententzia irakurri ahal izateko, ea ahots pastosodun gizona galtzontziloetan ordenadore eramangarria sartzeko gai den...