GARA > Idatzia > Euskal Herria

Inkomunikazioa desagerrarazteko galdegin dute TATek eta Askatasunak

Gorka Lupiañez gazte durangarrak Guardia Zibilaren esku egon bitartean jasandako tortu- ra latzen kontakizunak hautsak harrotu ditu. TATek inkomunikazioa behin betiko amaitzeko eskatu du, eta tortura kasuak ezkutatzen dituzten komunikabideak «konplize» direla salatu du. Askatasunak Zapatero, Rubalcaba eta halakoen aurrean albora begiratzen dutenak jo ditu tratu txarren «erantzule»tzat.

P014_F02.jpg

GARA |

Gorka Lupiañezek «Guardia Zibilaren esku egon bitartean pairatutako infernua» gogor salatu du Torturaren Aurkako Taldeak (TAT), eta aurten halako tratua jasan izana salatu duten euskal herritarrak 41 direla nabarmendu du prentsa adierazpenean. «Inkomunikazioak tortura dakarrela salatu nahi dugu. Ozen esan nahi dugu: inkomunikazioa= tortura».

Hainbat komunikabidek kasu honetan izandako jokabidea kritikatu du taldeak, gazte durangarra «inkomunikatuta zegoen bitartean torturapean ateratako deklarazioak iritzi publikora» zabaldu zituztelako. «Deontologia arau guztiak kontuan hartu gabe, Guardia Zibil torturatzaileak emandako berri lizunei erabateko sinesgarritasuna eman diete, horiek lortzeko moduari buruzko aipamen edo ardurarik txikiena ere erakutsi gabe. Ez dute Gorka jasaten ari zen egoeraz informatu, ez dute esan inkomunikazio aldia beste zazpi egunez luzatu ziotenik, ez dute salatu Gorka hamabi egun egon dela torturatzeko erabiltzen den sistema krudelaren hatzaparretan», gaineratu du.

TATek uste du komunikabide horiek «Gorkari informazioa atera diotela nabarmentzen dutenean, torturaren erabilera» ezkutatzen ari direla. «Morboa eta gezurra» erabili izana leporatu die, eta honakoa galdetu: «Orain, torturapean atera dizkioten adierazpenei eman dieten garrantzia emango diote bere testigantzari?». Tratu txarrak isiltzen saiatzen den komunikabidea «konplize» bilakatzen dela ere salatu du.

Torturaren auziari aurre egitea «giza eskubideen alorrean lan egiten duten erakundeei dagokien» heinean, «benetan zerbait egiteko prest dauden» galdetu die antolakunde horrek: «Guardia Zibilaren aurka neurririk hartuko dute? Gobernu espainolarekin bat eginda lanean jarraituko dute?».

«Torturarekin amaitzea denon lana» dela ohartarazita, praktika horren aurka irmo segituko duela adierazi du TATek, «tortura jasan duenari laguntza eskainiz, jendartea informatuz eta tortura-kiratsa darion hainbat eta hainbat pertsona, erakunde, alderdi, komunikabide edo gobernu etengabe salatuz».

Askatasunak, berriz, gazte durangarraren salaketak «herri honetan bizi dugun errealitate gordin bat mahai gainean» jartzen duela adierazi du: «Torturaren errealitatea, hain zuzen».

«Helburu politikoak lortzeko»

«Helburu politikoak lortzeko Espainiak euskal militanteak bortizki torturatzen» dituela nabarmendu du errepresioaren aurka jarduten duen taldeak. «Inkomunikazioa da tortura posible egiten duena, beraz inkomunikazioa egoteak torturatzeko borondate politikoa dagoela esan nahi du», salatu du eta honakoa gaineratu: «Gobernu espainolak tortura erabiltzen du independentziaren aldeko borrokare- kin amaitzeko beraien estrategiaren logikan».

Erantzule zuzentzat jo ditu Gobernu espainoleko presidentea, Jose Luis Rodriguez Zapatero, eta Barne ministroa, Alfredo Perez Rubalcaba. Baina horiez gain, tortura kasu bortitzon aurrean albora begiratzen duten instituzio eta alderdi politikoek ere erantzukizun argia dutela iritzi dio. «Antolatuko al dituz-te elkarretaratzeak udaletxeen aurrean kasu honengatik protesta egiteko? Egingo al du deklarazio instituzionalik Ibarretxek? Salatuko al ditu izugarri- keria hauek Miren Azkaratek?», galdetu du.

TATen tankeran, komunikabide hainbaten jarduna ere ahotan hartu, eta «torturaren errealitatea ezkutatzeari utz» die- zaiotela eskatu die. «Gaur egun kutxazain baten aurkako erasoak askoz tarte zabalagoa hartzen du komunikabideetan pertsona baten aurkako tortura bortitzenak baino; tortura ezkutatzen dutenek ere posible egiten dute tortura», kritikatu du.

Askatasunaren iritziz, oinarrizkoa da torturaren eta errepresioaren aurrean erantzun tinkoa ematea, eta dei egin diete herritarrei gaur arratsaldeko zazpi eta erdietan Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestazioan eta gaztearen jaioterrian egingo diren mobiliza- zioetan parte hartzeko.

komunikabideak

TATek hainbat komunikabideren jarrera salatu du eta zera galdetu die: «Orain, torturapean atera dizkioten adierazpenei eman dieten garrantzia emango diote bere testigantzari?».

Erantzun tinkoa

Askatasunaren iritziz, oinarrizkoa da Gorka Lupiañezen moduko tortura salaketen aurrean herritarrek tinko erantzutea; gaur Bilboko eta Durangoko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo