JAO legearen kontra bozkatzeko deia
Alerta OGM kolektiboa «tronpatuta» sentitzen da Sarkozyren gobernuak proposatutako JAOen inguruko lege proposamenarekin. Horregatik, Grenet, Poulou eta Lassalle diputatuei, baita Borotra senatariari ere, «Parlamentura joateko» eta legeari «ezetz bozkatzeko» deia luzatu die.Eneritz ZABALETA |
Alerta OGM kolektiboak, Jitez Aldaturiko Organismoen (JAO) kontra borrokan diharduenak, Atzo Baionan egindako agerraldi publiko batean tokiko diputatuei eta senatariari eskaria egin zien atzo, urtarrilaren 15ean bozkatuko den lege proposamenari ezetz bozkatzeko eskatuz. Kolektiboaren iritziz, gobernuak «tronpatu» egin ditu JAOen kontrako militanteak eta populazioa lege proposamen horrekin. Ondorioz, tokiko hautetsiei legearen kontra bozkatzeko eskatu zien: «gutun bat idatzi genien gure galdera zehaztuz eta hitzordu bat galdeginez. Oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta galdea publikoki egiten diegu», zehaztu zuen Jon Harluxet kolektiboko kideak.
Alerta OGM kolektiboko kideak oso haserre agertu ziren gobernuak egindako lege proposamena dela-eta. Legeak, iragan udazkenean egindako ingurumenaren Grenelle mahai inguruko proposamenak berriz hartu behar zituen. Kolektiboko kideen iduriko, gobernuak «komunikazioa egin» eta «inolako kontrolik gabeko JAOen landatzeen alde» egiten du. Hori dela- eta, bertako Jean Grenet, Jean Lassalle eta Daniel Poulou diputatuei, eta Didier Borotra senatariari, urtarrilaren 15ean legearen aurka bozkatzea galdegin zien atzo.
JAO landatzeak aurrera
Hainbat kexu agertu zituzten kolektiboko kideek lege proposamenaren inguruan. Lehenik, ingurumenaren Grenellean Sarkozyk JAO landatzeen «izoztea» iragarri zuen. Baina, kolektiboaren arabera, izozte hori praktikan aplikatzeko tresneria ez dute lege proposamenean integratu: «Europako legeen arabera, JAO landatzeak izozteko babes klausula erabili behar da, han zehazten da zalantza zientifiko berri bat agertzean JAO landatzeak eten daitezkeela. Lege proposamenak klausula horren erregimen juridikoa ez du integratzen, JAO landatzeak eteteko bide bakarra kanpoan uzten du», zehaztu zuen Jon Harluxetek.
Horrez gain, legea ingurumenaren Kontseilu Handiaren txostena jaso aurretik bozkatu nahi izatea deitoratu zuen kolektiboak. Kontseilu horrek txosten zientifiko bat prestatu behar du JAOek ingurumenari egiten dioten kalteen inguruan: «Kontseilua abenduan sortu da, eta urtarrilerako bozkatu nahi du gobernuak lege proposamena», aipatu zuen kolektiboko Juliette Bergouignan. Ondorioz, kolektiboak legearen kontra urtarrilaren 12ko borroka egun nazionalari atxikimendua agertu zion, eta urtarrilaren 3ko Biltzar Nagusira deitu zituen bere kideak. Biltzarra Heletan eginen da, eta legearen ondorioak aurkeztuko zaizkie bertaratutakoei.