Galdutako sentsazioak berreskuratzeko aukera
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Zaila da, bere ezaugarriak ezagututa, Eibarrek daraman ibilbideari inolako aitzakiarik jartzea. Baina bat edo beste aurkitzekotan, azken asteotan etxetik kanpo lortu dituen emaitza kaxkarrak aipatu beharko lirateke.
Denboraldi hasiera ezin hobea egin du talde armaginak, baina azken lau bidaietan puntu bakarra baino ez du lortu. Chapinek aukera aparta izan lezake galdutako sentzazio horiek berreskuratzeko, egoera larrian dagoen Xerez-i egingo dion bisitan.
Eibarrek, hala, bide batez bi mandatu egiteko aukera izango du: urtea egoera paregabean amaitzen lagunduko dion emaitza lortzea eta, horrekin batera, oraindik zuzentzat duten arerioari -talde gorri-urdina igoera postuetatik gertuago egon arren- 13 puntutako aldea ateratzea, eta ia hondoratzea.
Hala ere, eibartarrek, beti bezala, soilik lehenengo hori gogoan hartuta bidaiatu dute Andaluziara. «Ez digu axola non edo zeinen aurka lortzeak -azpimarratu zuen Javier Mandiolak-. Guretzat garrantzitsuena puntuak lortzea da, 50 puntuetara lehen baino lehen heltzeko».
Aldaketak
Hala eta guztiz ere, 17. jardunaldia, ez dator guztiz arrosaz margotuta. Arerioak arazoak ditu -arazo horiek, hain zuzen ere, aprobetxatzen saiatuko da Eibar presioa sortzeko-, baina armaginen baldintzak ere ez dira litezkeen onenak, taldekoen egoera fisikoari dagokionez, esate baterako; izan ere, etxean bost jokalari utzi behar izan baititu Manixek eta, bidaiatu dutenen artean beste bik, Raul Garciak eta Codinak, arazoak baitituzte.
Gauzak horrela, lau aldaketa sar ditzake entrenatzaileak hamaikakoan. Argi dagoen bakarra pibotea da, Zurutuzak Carmelo ordezkatuko duela aurreratu baitzuen Manixek. Defentsan, Manelek eta Martinok joka lezakete, Txiki eta Raul Garcia ordezkatuz, baina hernaniarra ondo badago, horietako bat aulkian geratuko da.
Jon Altunak dauka hiruko lerroan sartzeko aukerarik handiena. Hala bada, Insa eskuinera mugitu, Codinaren lekua betez, eta eibartarra erdian geratuko litzateke.
Hainbeste aldaketa egin behar dituen arren, Manix ez dago kezkaturik. «Blokea mantendu da eta hori da garrantzitsuena», esan zuen.