Harri jasotzea Marka saiakera
Aimar Irigoienek 13 aldiz berdindu du 175 kiloko zilindro kopa
Errezildarrak berriro ere lan bikaina egin zuen, eta apurtzeko erraza izango ez den marka ezarri zuen
Jon LEUNDA | AZPEITIA
Aimar Irigoienek 13 aldiz berdindu zuen atzo bizkarraren gainean 175 kiloko zilindro kopa, eta marka berria ezarri zuen. Zaleek hamar jasoalditik hamabira bitartean eman baietz zioten, baina berak, atzo ere, lan bikaina egin, eta hamahiru aldiz jaso zuen.
Sekulako jendetza batu zen atzo Azpeitiko plazan errezildarraren marka saiakera ikusteko asmoarekin. Pasa den igandean ere errekor berria ezarri zuen 152 kiloko kubikoarekin. Atsedenerako tarte handirik ez zuen izan, baina urteari amaiera ezin hobea emateko, atzo ere marka latza ezarri zuen.
Aimarrek gogor ekin zion lanari. Erritmo bizi-biziarekin, eta garbi zegoen aurreikuspenetatik gertu zebilela. Hamargarren jasoaldia egin zuenean, hogei segundo geratzen zitzaizkion denbora amaitzeko, eta hamabigarrena berdindu zuenean, bederatzi geratzen zitzaizkiola, errezildarrak hamahirugarrena jasotzeari ekin zion, baita berdindu ere. Azkenean beste bi segundo sobratu zituen. Amaieran txalo zaparrada luzea entzun behar izan zuen, egindakoak merezi baitzuen.
«Hamar edo hamaika jasoaldi egiteko etorri naiz, baina oso gustura aritu naiz, eta azkenean hamahiru eman dizkiot», esan zuen errezildarrak. Orain atseden hartzeko astia izango du Irigoienek.
Atzokoarekin, Irigoienek urteari amaiera bikaina eman dio, izan ere, 2007. urtea oso ona izan baita beretzat. Euskal Herriko harri handien eta txikien txapelak lortu ditu, Gipuzkoakoa ere bai, baita Alegiako, Adunako eta Berrobioko torneoak ere. Gainera, beste lau marka berri ere ezarri ditu, eta guzti hori, 21 urte dituela. Egin duena eginda, lasai atseden hartzeko moduan dago, herrialde honetako urteko kirolaririk onenetakoa izan da-eta.
Irigoienek hiru txapelketa ofizial, eta beste horrenbeste torneo bereganatu ditu aurten. Gainera, lau marka berri ere ezarri ditu errezildarrak.
Anjel Arrospide apusturako gogoz dago, eta desafioa bota zuen atzo. Leaburuko aizkolaria edozeini jokatzeko prest dago. Berak sei oinbikotara jokatu nahiko luke. Hiru zutik, eta beste hiru etzanik daudela. Martxo aldera jokatu nahiko luke, eta 6.000tik 9.000 eurora jokatzeko prest dago. Inork erantzun nahi baldin badio, urtarrilaren 12ko ilunabarrean Tolosan egongo da, Kantabriko tabernan.
Horren aurretik, ordea, biharko beste desafio bat dago iragarrita. Tolosako zezen plazan neurtuko dira Joseba Otaegi eta Jon Rekondo. Aizkolari bakoitzak zortzi kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Alde bakoitzak 4.000 euro jokatzen du dirutan, eta sekulako ikusmina piztu da.