«Ikasleen hitzari muzin egiten jarraitu» behar duen galdetu dio IAk EHU-UPVri
Ikasleek helarazitako mezua garbia dela nabarmendu du IAk, «Bologna prozesua geldiaraz dezatela». Orain eskaera horri erantzutea Unibertsitateko agintariei beraiei dagokiela adierazi du.
GARA |
Ikasle Abertzaleak antolakundea pozik agertu zen atzo, bezperan Leioako campusean Bologna prozesua geldi dezaten eskatzeko egin zen manifestazioak izandako erantzunarekin eta, «mehatxu guztien gainetik, bere ahotsa entzunarazi zuten ikasle guztiak» zoriondu nahi izan zituen.
Orotara, Leioako campusean 2.500 ikaslek parte hartu zuten protesta ekitaldian, eskaera bikoitza ahotan hartuta: «Bologna prozesua geldi dezatela eta ikasleon hitza errespeta dezatela». Ostegunean ikasleek egindako aldarria exijentzia dela ohartarazi zuen IAk.
«Azken hilabeteetan ikasle mugimenduak egindako manifestazio arrakastatsuena» iritzi diote antolakundeko kideek, baina biharamuneko «Unibertsitatearen jarrera autoritario eta militarista» ere gogor salatu zuten: «Azken hilabeteetan izandako jarreraren haritik, indar polizialen presentzia eta ikasleen jazarpena neurri gabekoak izan ziren Leioan».
Ikasle Abertzaleen iritziz, EHU-UPVko arduradun politikoek azalpen bat zor diote Euskal Herriari eta euskal ikasleei. «Nola uler daiteke horrelako jarrera bat kritikotasunaren eta askatasunaren egoitza behar lukeenean? Nola uler daiteke indar polizialak campusean nahi bezala ibiltzea?», galdegin zuten. «Hau ez da inon gertatzen -jarraitu zuten-, Francoren garaian ere oso salbuespeneko egoeretan sartzen zen Polizia gune unibertsitarioan; atzo [ostegunagatik] bi ertzain, subfusilak eskuan, ikasleei ongi etorria ematen ikusi genituen campus sarreran».
Era berean, campuseko kafetegian ikasle bat «egurtu» eta beste hainbat «jazartzen» aritu zirela nabarmendu nahi izan zuten, eta horregatik azalpenak eskatu zizkioten Unibertsitateko errektore Juan Ignacio Perezi: «Zein justifikaziorekin egin da hau? Noren aginduak jarraitu dituzte?».
«Guk argi adierazi dugu»
Ikasle Abertzaleen iritziz, ikasleek argi eta garbi erakutsi zuten ostegunean zein den beren nahia, eta orain, agintariei dagokie erantzuna ematea. Hala, Unibertsitateko agintariei galdetu zieten ea behingoz Bologna prozesua gelditu eta unibertsitate ereduaren gaineko eztabaida parte hartzailea bultzatuko duten, edota «ikasleen hitzari muzin egiten jarraituko ote duten».
Gainerakoan, orain arte bezalaxe, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa berretsi zuten IAko ordezkariek. «Mila aldiz egurtuta ere, ikasleon hitza tinpanoak lehertzeko moduko oihua izango da aurrerantzean», ohartarazi zuten.
Azkenaldian ikasle mugimenduak egin duen mobilizazio ekintzarik garrantzitsuena iritzi diote Ikasle Abertzaleek ostegunean egindako manifestazioari.
Beren eskariei erantzun ezean, mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute. «Mila aldiz egurtuta ere, ikasleon hitza tinpanoak lehertzeko moduko oihua izango da aurrerantzean».