Sonny Rollins kolosoaren saxoak Gasteizko Jazzaldia astinduko du beste behin uztailaren 18an
New Yorkeko saxo tenor jolea jazzaren historiako legenda bizia dugu. 77 urte bizkarrean, duela bi urte jo zuela Gasteizen, eta zaleak ahoa bete hortz utzi. Uztailean itzuliko da berriz, Gasteizko 32. Jazzaldian jotzeko.
GARA | GASTEIZ
Uztailaren 13tik 19ra bitartean ospatuko da datorren urteko Gasteizko Jazzaldia eta dagoeneko badu, antolatzaileek iragarri dutenez, izar nagusia: Theodore Walter Rollins, The Village Voice aldizkariaren arabera, «jazzaren azken hilezkorra» dena. Jaialdiaren bukaera aldera, uztailaren 18an, joko du «saxofoiaren kolosoak», bi urte eskas igaro direnean azkenekoz bertan jo zuenetik, eta Estatu espainiarrean emango duen zuzeneko bakarra izango omen da.
2008ko Gasteizko 32. Jazzaldia iragarriko duen afixa ere aurkeztu dute antolatzaileek, Josu Izarra argazkilari gasteiztarrak egin duena, hain zuzen ere.
Momentu bikainean
1930ean New Yorken jaioa, aurten Down Beat aldizkariko irakurleek urteko musikari eta saxo tenore onena aukeratu dute Sonny Rollins. Oraindik orain, bost hamarkadako ibilbide luzearen ondoren, jazzaren berritzaile nagusienetarikoa da. Gainera, 2006an «Why Was I Born» kantuagatik Jazzeko Solo Instrumental Onenaren Grammy saria eskuratu zuen eta Colby College-k Honoris Causa doktore izendatu zuen. Horiek horrela, bere garairik onenetako batean dagoela esan dute Gasteizko Jazzaldiko arduradunek.
Jazzaren historiaren inprobisatzaile handienetarikoa da Rollins. Kritikaren, musikarien eta zaleen betiko erreferentzietako bat izan da eta inspirazio iturri nagusi. Bere azken lana 2001ean «Withour a Song: The 9-11 Concert» izenekoa da, data esanguratsu horretan New Yorken jazotako gertaeretan kaltetutakoen omenez plazaratua.
Gasteizen 2006ko uztailaren 15ean azkeneko aldiz jo zuela-eta, Javier Aspiazu GARAko jazz kritikariak horrela zihoen hard-bopearen ordezkaririk gogorrenari buruzko kritikan: «Sonny Rollinsek ez du inoiz estilo zehatz bat izan, denak nahi zituelako, entziklopedia musikal ibiltaria izan nahian. Eta, hein batean, baita lortu ere».