GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA San Tomas

Ohitura zaharrak eta istorio berriak txistorraren, taloaren eta sagardoaren egunean

rotagonista izan nintzen atzo. laranjaz margotu nituen behatz puntak, ogi xerren gainean jarri eta ahoen barrenean sartu nintzen. mingainek nire zaporea dastatu zuten. Donostian eta Bilbon, Lekeition eta Irunen. Euskal Herriko hainbat txokotan. P

p020_f03_097x072.jpg

Maider IANTZI

-Gu ere han ginen, apain-apain ibili ziren herritarrak guri esker. Zapiok eta bonetok buruak estali eta berotu genituen, kolore guztietako gonok dantza egin genuen haizearen erritmora, artilezko arropok tradizioz jantzi genituen bestalariak.

-Ni ez nintzen gibelean gelditu, txokolate urtuarekin, gaztarekin edo txistorrarekin batera makina bat lagunek erosi zuten nire gorputz zapal horixka.

-Ni ere ez! Zenbat koadrilak kendu ote zidaten kortxoa ahotik eta zenbat edalontzitara erori ote zen nire likido samina!

-Eta gu...

Makina bat elementu ditu San Tomas egunak urtero-urtero errepikatzen direnak. Jendea harat-honat ibiltzen da karrikei ahotsa emanez, mugimendua ere bai, koloreak, usainak... Lagun zaharrak elkartzen dira trago batzuk edan eta berriketa alaian aritzeko; adiskidetasun eta istorio berriak sortzen dira; ilusioa eta jakinmina ikusten dira haurren begietan.

Baina jaiaren ezaugarriak berdinak izan arren, jai bakoitza desberdina da.

Mimo bat dago Bulebarrean kaxa baten gainean zutik, eskularru zuriekin eta aurpegia ere zuriz margotua. Inguruko dena mugimenduan eta, bera, harria bezain geldirik... mutiko txiki batek txanpon bat utzi dion arte. Orduan poliki jiratu da harengana eta eskuekin agur dotorea eginez makurtu da, baina umeak, dagoeneko, korrika alde egin du.

Ondoko bankuan eserita, mugikorra eskuan, Charo dago, Madrilen bizi den Extremadurako emakume bat, Donostian egun batzuk pasatzen ari dena Marisol lagunaren etxean. Oraintxe deitu dio adiskideak segituan helduko dela abisatzeko. Txistorra jatera eta zenbait zurito hartzera joatekotan dira. «Madrilen ez bezalako giroa duzue hemen eta anitz gustatzen zait. Ederra da familia osoak baserritar jantziekin ikustea eta artisau postuetan barna ibiltzea», adierazi digu latina eta grekoa erakusten ibilitako irakasle jubilatu honek.

Mandalaren arrakasta

Artisau ilara luzea dago Bulebarreko kalean eta kostata ibiltzen ahal da haur kotxe eta globoen artean. Belar meta txikiak, harria landuz egindako forma guztietako erlojuak, eraztun, belarritako eta eskumuturreko dotoreak, kristalezko hautsontzi koloretsuak, argazkientzako marko bereziak... Bitxikeriak gustuko dituenak zaila du zer edo zer erosteko tentazioari eustea. Hori jakiteko aski da Pit-en postura hurbiltzea. Asmamen jokoak saltzen ditu Azpeitian bizi den gizon jugoslaviar honek, Indiako Mandala jokoa tartean. Badira 2.500 urte Himalaya eta Tibet aldean meditatzeko erabiltzen hasi zirela. Antzina banbuz egina eta handi samarra izan ohi zen. Mandala hitzak borobila erran nahi du, jokoa bi zirkuluz eta 28 zirkuluerdiz osatuta baitago.

Orain dela hamasei urtetik etortzen da Pit Donostiako San Tomas bestara; Mandala lehenbiziko aldiz ekarri du, ordea. Liburu bat dauka mila buruhauste inguru biltzen dituena, egurra, alanbrea, larrua eta bertze material batzuk erabiliz egiteko mila jolas. Salmahaian paratu ditu horietako batzuk eta makina bat lagun hurbildu zaio. Mandalak bereganatzen du haurren arreta eta Pit-i zenbat balio duten galdeka ari zaizkio etengabe. Saltzaileak jokoa eskuetan hartu du eta magia balitz bezala formaz aldatzen hasi da: eguzkia da aurrena, gero Marte, Pluton, Saturno... «Ze guai! Eraman eginen dut!», erran du neskato batek aho-zabalik.

Bezero pila bat du, hala ere mintzatzeko astia hartzen du Pit-ek, solaserako gogoz dago. «Jugoslaviakoa naiz, beno, Jugoslaviako nintzen -hasi zaigu kontatzen erdi euskaraz erdi gaztelaniaz-. Urik eta aberririk gabe utzi gintuzten, eta hona etorri nintzen, hau toki lasaia da». Seme-alabak inguruan dabiltza eta txakurrak alfonbra gainean lokartu dira, txalaparta doinuek lagunduta.

Umeentzako jantziak, zurezko jokoak eta puzzleak, larruzko diruzorroak eta poltsak, ispiluak, lanparak, heldu den urtean Iruran eginen den Kilometroak jaiko arropak... Hamaika posturen ondotik pasatu gara animaliak dauden aldera ailegatzeko, eta bidean aldarrikapenak ere ikusi ditugu: «Inposaketarik ez, AHT gelditu», EAE-ANVren «Guk euskal nazioa, independentzia»... Kioskoan Mikel lesakarrarekin elkartu gara eta gelakideekin eguna pasatzen ari dela kontatu digu. «Goizeko hamaikak aldera elkartu gara gutxi batzuk eta Konstituzio Plazara joan gara sagardo trago batzuk edatera. Orain jende gehiago batu gara», azaldu du Historia ikasi duen gazteak.

Patxi Aranburu oriotarraren pottokak, behor txikiak eta ahuntz nanoak kaiola banatan daude. Azken hauek saltoka ibili dira eta batzuek borrokaldi txikiak ere egiten dituzte, burua buruaren kontra. Umeak gustura sartu dira kaiola barrura animalia xelebre hauek ukitzeko, eta jostatzeko.

Pello Urdanpilletak Euskal Herriko txerria ekarri du Bidaniatik Gipuzkoako hiriburura. Zerrama bat da eta kumeekin dago lo lasto gainean, alanbre artetik esku pila batek laztantzen duten bitartean. Ondoan Asier Arrizabalaga aiarraren basurdeak daude, erne egon ere.

Konstituzio Plazaren erdialdean Jose Manuel Zabalegi Irizarren postua dago. Donostiako baserritar honek lehenbiziko saria eskuratu du Jose Salaberriaren omenezko barazki lehiaketan eta erakusketa dotorea jarri du Santomasetan. Amalur Zabalegi iloba diseinua ikasia da eta bere erara antolatu du dena, kristalezko ontzi modernoak eta saski zaharrak konbinatuta. Tipula ikusgarriak daude, gerezien antzeko piperrak, Manos de Buda izeneko fruitua, limoiaren antzekoa dena eta zuku saminagoa duena, berenjena horiak, ontzi berean hazitako porruak eta perrexilak, Chaiuta bat botila barruan hazia, pepino bat ere bai, kalabaza batetik ateratako esponja bejetala...

«Horrela lan egiten dugunak gutxi geratzen da, eta erromantiko samarrak gara», aitortu dio Jose Manuel Zabalegik barandaren gibeleko lagunari. «Lan izugarria egin dugu gaur hauek guztiak hona ekartzeko, puntuan egoteko barazki bakoitza bere garaian erein behar baita». Postua batez ere erakusketarako prestatua bada ere, hagitz ongi saltzen ari direla baieztatu du, babarrunak, fruitu lehorrak, sagarrak eta hurrak bereziki.

Baserritarrak haserrea eta ezina sentitzen dituela adierazi digu, AHTren proiektua egiten badute familia bizi den bi base- rriak botako dituztelako. Nahiago luke oker balego, baina iruditzen zaio azpiegitura hori egin egingo dutela azkenean.

Zabalegiren salmahaien ondo-ondoan dago Gabiriako Anttoni Murgiondorena. Bekoetxeko emakume honek hirugarren saria lortu du fruitu txapelketan. Maitane alabak azaldu digu anitz eta gustura ari direla saltzen, bertze urteetan adina edo gehiago. «Goizetik hasi gara eta deskargatu dugunerako jendea erosten ari zen». Errezil sagarra maite dute bezeroek, baita baserriko ogiak ere, intxaurrak, babarrunak, artirina...

Konstituzio Plaza irakiten dagoen eltze beroa da, txistorra eta sagardo lurrina zabaltzen duena, musikarekin eta solas ozenekin batera. Gizon batek lurrean dagoen sagardo botila jo eta hautsi egin du oinez doala. «Aiiiii!», egin dute jabeek likido horixka lurrean barreiatzen ari dela konturatu direnean. Nekeza da hainbertze jenderen eta botilaren artean ibiltzea.

Salerosketa gutxiago

Antiguako Luberri ikastetxea, balkandarrei laguntzeko taldea, Mariaren Bihotza Ikastola, Enpresaritzako ikasleak, Arkaitz Añorgako dantzariak... Makina bat lagun ari da enparantzaren alde guztietan dauden postuetan jaki eta edari goxoak saltzen. Anak txokolatea ekarri du Iruñetik zazpigarren urtez, eta erosleek gehien maite dituzten produktuak fruituak dituen txokolate beltza, txokolate hagitz puruak eta trufak direla jakinarazi du. Bertzetan baino gutxiago, baina anitz saldu duela kontatu digu, eguraldia lagun.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketako bigarren saria eskuratu du Arantxa Meabek bere euskal pastelengatik. Eguna zer moduz doan galdetu eta «hola-hola» erantzun digu. «Jende gutxiago dabil eta erosteko gogo gutxiagorekin gainera. Bestetan Gipuzkoa Plazan egon izan naiz eta hobeto saldu izan dut. Nahitaez igo behar ditugu prezioak. Esnea, arrautzak eta gurina dira gure oinarriak eta osagai horien prezioek gora egin dute», azaldu digu. Txokolate, gazta eta bertze zapore batzuetako euskal pastelak dira herritarrek gehien eskatzen dizkioten gozoak.

«Santo Tomas egunari Sa- gardoaren Eguna izena jarriko nioke», bota du Arturo Duloup argentinarrak irri artean. Donostiako koadrilarekin bazkaltzera joatekoa da. Indarrak hartzea komeni zaio arratsaldean padel partida duelako Bilbon. Bere herria, Argentina, ordezkatuko du.

Lagun taldea txantxazale dabil eta Aisa gaztandegiko Anaren eta Miguelen postura joan da lixiba eske. «Oinetako berriak sagardoz zikindu dizkidate!», kexatu da Javi. Denetarik galdetzen diete Riezuko gaztagileei. «Hemen urik ez duzue ematen, ezta?». Eguna ongi doala erran digu Anak, baina aurrekoetan baino gutxixeago saltzen ari direla nabarmendu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo